Xabier Lertxundi Asteasuinzarra izango da berriz EH Bilduren alkatetzarako hautagaia, atzo Biterin egin zen ekitaldian ezagutarazi zenez. Gaur egun Hernaniko alkate denak eskerrak eman zituen berarengan izan den konfiantzagatik: «Eskerrik asko EH Bilduren mahai politikoari niregan jarri duen konfiantzagatik eta baita nire hautagaitza babestu duzuen guztiei ere. Hautagaitza aurkeztearen erabakia ez da erraza izaten, baina jasotako konfiantzak eta babesak eta batez ere Hernanirentzat EH Bildu dela aukerarik onena pentsatzeak, pausoa ematera animatu nau».
Lertxundik azpimarratu zuenez, «EH Bilduk demostratu du zintzotasunez herritarren alde lan egiteko konpromisoa eta gaitasuna. Erabakiak herritarrekin batera hartzeko apustua egin dugu eta horretan aitzindariak izaten ari gara. Herritar guztientzat pentsatua dagoen herri bat egiteko. Pertsonengandik gertu gaude eta egoten jarraituko dugu».
EH Bildurentzat ez da nahiko beraiei lau urtetik behin bozka ematea. «Guk jendearekin debatitu, analizatu eta elkarrekin jarri nahi ditugu proiektuak martxan. Horrela egiten dugu lan EH Bildun, proiektu haundiak gestionatuz egunerokoak diren txikiak ahaztu gabe. Besteak beste, Inoizko balidabide eta aurrekontu gehien ari gara bideratzen adineko pertsonen ongizaterako: iaztik hona lehen baino 500.000 euro gehiago bideratu ditugu beraiei zuzendutako programetan; Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lehen aldiz hitzarmen kolektiboa izan dezaten lan egin dugu eta lortu dugu».
«Gu politikara jendearen bizitza hobetzeko etorri gara. Asko gara eta zalantzarik ez izan gehiago izango garela elkarrekin Hernani hobe baten alde lanean».
Aurretik, aurkezpenaren hasieran Estitxu Agirre, zinegotziak, Aitor Lukas, gazteak, eta Naia Barrenetxeak, lehenengo aldiz maiatzean bozkatuko duenak, balorean jarri zuten azken 45 urteetan egin den lana Hernaniko udaletxean; kontutan hartuta, Franquismoa eta gero, 1978an abertzale ezkertiarrak izan zutela udaletxea aurrera ateratzeko ardura. Bukatzeko, txotx herrikoia egin zen eta aurkezpenean zehar garai bateko eta gaur egungo Hernaniren argazkiak ikusi ziren eszenatokiko pantailan. k