Hernani eta Galdakao aurrez aurre, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 11a, 00:00

Galdakaoren aurka jokatuko du bihar Hernanik.

Euskal Ligako neskek galdakoztarren bisita jasoko dute bihar, eta mutilak Galdakaon 
jokatuko dute gaur.

Hernaniren eta Galdakaoren arteko partidu bikoitza jokatuko da asteburuan, Euskal Ligan. Alde batetik, mutilek gaur Bizkaiara egingo dute bidaia, 18:00etan jokatzeko galdakoztarren aurka, Urreta kiroldegian. Bihar izango da nesken txanda, 11:45etatik aurrera Hernaniko kiroldegian, Galdakaoren aurka.

Nesken Euskal liga ezin estuago dago, eta lehendabiziko bost taldeak oso gertu daude bata bestearengandik. Galdakao bigarren sailkatua da 24 punturekin, eta Hernani bosgarrena 21 punturekin, nahiz eta bi taldeek zortzi garaipen eta hiru porrot eskuratu, hamaika jardunalditan. Bihar, Hernanik pauso garrantzitsua eman dezake sailkapenean. Orain bi aste Getxo liderra gainditu zuen Hernanin, eta Galdakaori ere irabazi zion lehenengo itzulian.

 

Mutilak, liderraren kontra

Mutilen partidua zailagoa izango da. Galdakao liderra da, eta denboraldian zehar partidu bakarra galdu dute Euskal Ligan. Hernaniarrak zortzigarren dira sailkapenean, eta gaurko partiduan helburua izango da punturen bat lortzea, nahiz eta ez duten lan erraza izango.

Beste mailetako taldeei dagokienez, neska jubenilen bi taldeek gaur eta bihar jokatuko dute. Mutilen jubenil mailan ere, talde batek etxean jokatuko du gaur, eta besteak Hondarribira egingo du bidaia. Kadete nesketan denetik izango da: talde batek atsedena izango du; besteak kiroldegian jokatuko du gaur; eta hirugarrenak Tolosan jokatuko du, gaur bertan. Neska infantilen bi taldeek kanpoan jokatuko dute, eta mutil infantilen bi taldeek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak, gaur goizeko 10:00etan hasita, Hernaniko kiroldegian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!