Hernanik bigarren garaipena nahi du gaur Bera Beraren kontra Landaren

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 11a, 00:00

Bera Beraren aurka jokatuko du gaur Hernanik, Landaren.

16:00etan hasiko da partidua, eta hernaniarrak faborito argiak dira azken sailkatuaren aurka.

Aurreko astean atsedenaldia izan ondoren, lehiara bueltatuko da Hernani, gaur, mutilen Ohorezko B Mailan. Bigarren faseko bigarren partidua izango da, eta 16:00etatik aurrera, Donostiako Bera Bera taldea izango dute aurkari, Landaren. Hernaniarrek ezin dute huts egin. Lider dira 32 punturekin, lehenengo postua ziurtatzea eskura dutela; eta donostiarrak jaitsiera saihesteko borrokan daude murgilduta, azken postuan, sei punturekin.

Beraz, etxekoak dira faborito argiak, baina donostiarrek gehiago daukate jokoan. Lehenengo itzuliko partiduan, abenduaren 17an, Hernanik garaipena lortu zuen Bera Beraren aurka (33-19); baina ez zen partidu erraza izan, nahiz eta sailkapenean abantaila haundia zeukaten hernaniarrek. Orain ere, antzeko egoeran daude bi taldeak, sailkapenari dagokionez. Hortaz, partidu berdindua izan liteke berriro.

 

Euskal Ligako neskek ere Landaren jokatuko dute

Euskal Ligako nesken taldeak ere, Landaren jokatuko du bihar. 10:30etan hasiko da partidua, eta Arrasateko eta Eibarko errugbi klubek osatu dute taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Hernaniarrentzat partidu garrantzitsua da, aurkari zuzenak baitira arrasatear-eibartarrak.

Hernaniarrak sailkapeneko azkenaurreko postuan daude, zazpi punturekin, bi garaipen lortu eta sei porrot jasota. Bisitariak, berriz, azkenak dira, bost punturekin, garaipen bat eta zortzi porrot izan ondoren. Joaneko partidua, Arrasaten, Hernanik erraz irabazi zuen, eta orain ere faborito da.

23 urtez azpiko mutilek atsedenaldia izango dute asteburu honetan, 18 eta 16 urtez azpikoen taldeek bezala. Orain arte, harrobiko taldeek denboraldi bikaina osatu dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!