Bolada onari segida emateko asmoz, Pasaian estropada gaur batelek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 11a, 00:00

Gipuzkoako Ligako estropada jokatuko dute, 15:45etan. Aurreko asteburuan, garaipena lortu zuten Hernaniko neska infantilek eta promesek.

Maila paregabean ari dira Hernaniko arraunlariak, aurtengo batel denboraldian. Hiru estropada jokatu dituzte orain arte, eta neska infantiletan, esaterako, hiruetan lortu du garaipena Hernaniko batel batek.

Aurreko larunbatean izan zen hirugarren estropada, Errenterian. Zortzi segunduren aldearekin nagusitu zen neska infantilen batela, Tolosaldearen aurretik; baina neska promesena izan zen poz haundiena: denboraldiko aurreneko garaipena lortu zuten, 77 ehuneneko aldearekin, Mutrikuren aurretik. Gainera, lidertza eskuratu dute, aurreko estropadetan bigarren eta laugarren izan ondoren. Puntu bakarreko aldea daukate, Tolosaldearekin.

Gainerako batel hernaniarrek ere, estropada polita osatu zuten Errenterian. Neska jubenilak, adibidez, hirugarren izan ziren, eta mutil promesak seigarren. Maila absolutuan, nesketan zein mutiletan uretaratu zuen batela Hernanik. Neskek ezin izan zuten Donostiarrarekin, bi batelen arteko estropadan. Mutilek, berriz, azkenaurreko postuan sailkatu arren, askoz ere gertuago izan zituzten aurrekoak oraingoan: Donostiarra irabazlea, 31 segundura.

 

Pasai Donibanen gaur, laugarren estropada

Gaur bertan izango dute hurrengo estropada; izatez, Gipuzkoako Batel Ligako seigarren jardunaldiari dagokiona, baina bi bertan behera geratu zirenez, laugarrena izango da. Arratsaldeko 15:45etan hasiko da, Pasaiako portuan: lau kaletan jokatuko dute, erlojupeko proban. Infantilek 1.000 metro osatuko dituzte, kadeteek 1.500 metro, eta jubenil eta absolutuek 2.000 metro.

Gaurkoaren ondoren, beste bost estropada jokatuko dituzte Batel Ligan, martxoan eta apirilean: Donibane Lohizunen, Zumaian, Getarian, Tolosan eta Pasai Donibanen berriro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!