Biteri gainezka, ezberdinen arteko bizikidetza landu zen

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 10a, 00:00
Irati Sarasua, Juanjo Uria eta Jose Ramon Lasarte aurkezpenaren momentu batean.

'1960-2021' memoria liburua aurkeztu zen jendez lepo zegoen areto nagusian. Guztira bildu dira 707 biktima eta 1.046 eskubide urraketa.

'Hernani 1960-2021' memoria liburua asteazkenean aurkeztu zen jendez bete zen Biteri kultur etxeko areto nagusian. Gogoa zegoen urteetan prestatu den lanaren emaitza ikusteko. Ekitaldi hunkigarria prestatu zen. Herritar asko hurbildu ziren, baita Hernanin biolentzia jasan eta biktima izan diren asko eta asko. Javier Bucesek idatzitako liburuaren aurkezpena hasi zen, Judith Montero eta Roberto Pachecok jotako Bachen Batzen gaituena moldaketarekin. Irati Sarasuak gidatu zuen eta bertan ziren baita, Hernaniko udaleko ordezkari politikoak. Eta Javier Bucesek aitortu zuen bezala alderdien, askotan ezkutuko lana, ezinbestekoa izan da testigantza eta biolentzia mota denak jasotzerako orduan.

Hernaniko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean jardun du hainbat urteetan, eta makina bat ikerketa egin ostean, Hernanin eta hernaniarren aurka gertatutako giza eskubideen urraketak ikertu eta jaso dira lehendabizi hernanioroimena.eus webgunean eta orain Hernani 1960-2021 liburuan. Euskal gatazkaren garaian gertaturiko eskubide urraketak jaso dira guztira. Eta ez dira gutxi, Bucesek 707 biktima zenbatu baititu eta 1.046 urraketa jaso baititu liburuan.

Liburuaren epilogoa Maialen Lujanbio bertsolariak idatzitako bi bertsoek gidatzen dute. Memoriaren Egunean 2015ean, Ave Maria parkean jarri zuten harrian idatzirik daude bi bertsoak, herriaren historian mugarri izatea nahi den harrian, bakean eta elkarbizi­tzan oinarritutako etorkizuna isla­tu­ko duen harrian. Nagore Legarretak Urumea ibaiaren argazkia ere erabili da azalerako.

 

«Hernanik ongien isladatzen du herri honetan egon den gatazka»

Ondoren hitza hartu zuen liburuaren egileak, Javier Buces Aranzadiko historialariak. Gertuko oroimenaren inguruko ikerketa lanaren emaitza aurkeztu zuen, eta oraindik irekia dagoela ere aipatu zuen. «Lan hauek irekiak dira, etengabe eguneratzen da informazioa. Datu berriak, artxiboetako dokumentu berriak eta herritarren ekarpenak bildu ditugu». 

Eguneratze lan hauek egin bitartean, Udalak, Aranzadirekin elkarlanean abiatu zuen gerra zibilaren eta diktaduraren lehen urteetan gertatutako giza eskubideen urraketa ikerketa. Gainera, Aranzadik, fusilatuen gainean eginda zeuden lanak abiapuntutzat hartuta, Aranzadik ikusi zuen, «beste errepresaliatu batzuei buruzko informazioan hutsune haundia zegoela». Hori horrela, hau ikertzen jardun du, azken urteetan.

Ikerketa eta dokumentazio lan hauen ostean, hurrengo pausuarekin hasi ziren, gertuko oroimenaren ikerketa abiatzea, hau da, «1960tik gaur egun arte motibazio politikoz gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak jaso eta dokumentatzea», eta hori egin du Aranzadik. 

Javier Bucesek motibazio politikoko indarkeria jaso du. «Konpromezua dago Hernanin eta herri gehiagotan gertatutakoa ezagutzeko. Jakin nahi da zeinek sufritu zuten eta zeinek oraindik jasaten dituzten eskubide urraketak. Aranzadi horretan laguntzeko dago, horren erradiografia egitea da gure egin beharra. Egia eta biktima guztiak ezagutzea da helburua eta hori webgune bitartez jaso dugu eta orain Hernanin liburu honen bitartez ere bai. Egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dute biktima guztiek. Aranzadin egia hori bilatzen saiatzen gara ikerketa historikoaren bitartez. Hori da gure lana. Justizia eta erreparazioa beste esparruetan dago. Egia jakin gabe ezin da justizia eta erreparaziorik egin». Eta azpimarragarria izan zen Bucesen esaldi bat. «Zoritxarrez, Hernani da herri honetan gatazka bat egon dela ongien isladatzen duen herria»

 

Juanjo Uria eta Jose Ramon Lasarte, lehenak oholtzaratzen

Eskubide urraketak jasan eta biktima izan diren Juanjo Uria, Herri Batasuneko alkate ohia, eta Jose Ramon Lasarte EAJ-PNVko zinegotziak izan ziren lehenak, baina ez bakarrak, oholtzaratzen. 

Beraien testigantza eta hausnarketak azaldu zituzten. Uria Lasarteren ikasle ohia izan zen EPOn. Uriak azpimarratu zuen egiaren balioa eta «egia Gregorio Ordoñez gogoratzea da, baina Tomás Alba ere. Egia Miguel Angel Blanco gogoratzea da, baina Mikel Zabalza ere». Lasartek Hernanin bizitako zortzi urte gogorrak gogoratu zituen zinegotzi bezala. «Beharrezkoa da elkarbizitzarako honelako lana. Hernanin gauzak ongi egiteko eta konpontzeko izan nintzen zinegotzi».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!