'Hernán Cortés' komikia argitaratu du Iñaki Sainz de Murieta idazleak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 9a, 00:00

Miguel Berzosa marrazkigilearekin batera ondu du konkistatzaileari buruzko komikia. 

'Hernán Cortés. Oro, pólvora y acero' argitaratu berri du Iñaki Sainz de Murieta idazleak, Miguel Berzosa marrazkigilearekin elkarlanean. Idazle hernaniarraren bigarren komikia da, eta Hernán Cortés konkistatzailearen pasarteak kontatu ditu oraingoan. 

Zehazki, Mexikoren konkistari buruzko istorioa sortu du Sainz de Murietak: «Konkista hori hasieratik egon zen traizio, biolentzia eta garaipen gosez zeharkatua». 1518 urtean egindako espedizioa da kontakizunaren oinarria: «Gerrek eta liskarrek hasiera-hasieratik zipriztindu zuten espedizioa, hamaika aldiz gutiziaz bekatu eginez eta konkista baten legezkotasunarekin jolastuz».

Testuinguru horretan, Sainz de Murietak azaldu ditu Cortések espedizio horretan egindako zenbait mugimendu, eta eskuratutako lorpenetako batzuk: «Horrela, bere izaerak bultzatuta eta bere aliatuek bultzatuta, Huey Tlatoanik gonbidatutako Mexiko-Tenochtitlaneko ateetara iritsi zen, eta, azkenean, gaur egun Mexiko den arrago kulturalaren ernamuin bihurtu zen».

Komikia baliagarria da garaiko testuinguru konplexua eta prozesua ulertzeko, eta orduko pertsonaiak gertuagotik ezagutzeko: «Malinche, Alvarado eta Gerónimo de Aguilar pertsonaiak ezagutzeko dokumentu historiko garrantzitsuenetako batzuk kontsultatu dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!