Babes ofizialeko eta tasatutako etxeetan izena emateko epea, zabalik

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 9a, 00:00

Guztira babes ofizialeko 24 etxe eta tasatutako 17 etxe esleituko dira Hernanin. 

Zabalik dago Hernanin esleituko diren babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza tasatuen zozketan izena emateko epea. Jabetza-erregimenean esleituko dira etxebizitza guztiak; horietatik 24 dira babes ofizialekoak, eta 17 etxebizitza tasatuak. 

Santa Barbara eta Florida auzoetan kokatutako etxebizitzak dira, eta guztiek izango dute garajea eta trastelekua. Gainera, Santa Barbarako etxebizitzen artean, babes ofizialeko etxebizitza bat eta etxebizitza tasatu bat mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat izango dira. 

Zozketari dagokionez, lehentasun-hurrenkera hau finkatu da: bizikidetza-unitateko kideren batek ohiko bizilekua Hernanin edukitzea eta azken 2 urteetan etenik gabe bertan erroldatua egotea, edo gutxienez 5 urtez azken 10 urteetan; bizikidetza-unitateko kideren batek Hernanin lan egitea azken 10 urteetan; eta eskaintza eskaera baino haundiagoa izanez gero, beste edozein pertsona. 

Kasu guztietan beharrezkoa izango da bizikidetza-unitateko inork etxebizitzarik ez izatea. Horrez gain, diru kontuei erreparatuz, bi tarte finkatu dituzte etxebizitza motaren arabera. Babes ofizialeko etxeentzat urtean 12.000-39.000 euroren artean egon behar da, eta tasatuentzat 15.000-50.000 euroren tartean. 

Izena emateko epea martxoaren 21a arte egongo da zabalik, eta dokumentazioa telematikoki edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango da Udaleko Herritarren Harrera Zerbitzuan edo Construcciones Sukia eraintzuntzaken bulegoetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!