Gaur arratsaldean aurkeztuko dute 'Hernani 1960-2021' liburua, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 8a, 00:00

Arratsaldeko 18:45etan hasiko da liburuaren aurkezpen ekitaldia.

Prozesu baten itxiera izango da liburuaren aurkezpena. 18:45etan hasiko da, Biteriko areto nagusian.

Gaur arratsaldean aurkeztuko dute, Biteri Kultur Etxeko areto nagusian, 'Hernani 1960-2021. Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak' liburua: «Liburuak dokumentatu eta jasotzen ditu denbora tarte horretan motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak». 

Ekitaldi berezia izango da, eta horren adierazgarri dira parte hartuko duten norbanako eta elkarteak; bertan izango da Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari eta ikerketa lanaren egile Javier Buces Cabello, esaterako. Zenbait biktimek ere parte hartuko dute gaurko aurkezpenean, eta Hernaniko udal talde politiko guztiak egongo dira Biterin. 

Prozesu luze baten hirugarren emaitza da liburua. Hernaniko Udalak, alderdi politiko guztien babesarekin, biktima ordezkaritza batekin eta Aranzadi Zientzia Elkarteko adituekin batera egindako lanaren ondorioa. 2019ko urtarrilean argitaratu zuten ikerketa honen lehenengo txostena; bertan 416 biktimaren dokumentazioa jaso zuten, giza eskubideen urraketak jasandako 380 pertsonena eta motibazio politikoko biolentziaren ondorio izandako 36 pertsonena. 

Lan guzti hori gizarteratzeko ireki zuten hernanioroimena.eus webgunea; horixe izan zen prozesuaren bigarren pausua. Webgunean aurkitu daitezke ikerketaren ondorioak, eta Gerra Zibileko eta diktadura frankistaren lehen urteetako dokumentazioa (1936-1945). 

Gaur aurkeztuko duten liburua aurrez argitaratutako txostenaren eboluzio bat da. Ez dira txosteneko datu guztiak agertzen, baina orduko errealitatea islatu dute, erredakzio finagoa erabilita. Aurkezpena irekia izango da, eta bertaratzen diren guztiek izango dute liburua eskuratzeko aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!