Lankidetza ildoa ireki dute Hernaniko Errugbi Elkarteak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 8a, 00:00

HCREko inklusibo taldeak jarri du martxan egitasmoa.

Helburua da Errugbi Elkarteko kide guztiek Elikagaien Bankuak egiten duen lanaren berri izatea, eta boluntariotza lanetan laguntzea. 

Lankidetza ildo berri bat ireki dute Hernaniko Errugbi Elkarteak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. 2022ko azaroan bat egin zuten bi elkarteek Radio San Sebastián sarietan, eta harreman hori izan da elkarlanean hasteko abiapuntua. HCREko Inklusibo taldeak jarri du martxan egitasmoa, eta helburu argia dute: «Alde batetik, kluba osatzen duen gizarte-masa osoak GEBk egiten duen lanaren berri izatea, eta, bestetik, laguntza-ildo bati ekitea bankuko biltegietan egiten diren boluntariotza lanetan».

Elkar ezagutzeko lehen pausuak eman dituzte bi elkarteek, eta ekintza solidario bat antolatu dute elikagaiak biltzen hasteko. Bilketa gaurtik otsailaren 11ra egingo da, arratsaldeko 17:30etatik 20:00etara, Landaren. Lehenengo ekintzari itxiera larunbatean bertan emango zaio, arratsaldeko 16:00etan, Hernaniren eta Bera Beraren artean jokatuko den derbian. 

GEBk jakinarazi duenez, honako beharrak dauzka une honetan: lekale lehorrak, gailetak, kakao-hautsa, olioa, pardelak, kontserbak eta haurrentzako elikagaiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!