'Ez da sagardoa, zu zara' kanpaina aurkeztu dute Hernaniko Udalak eta eragileek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 8a, 00:00

Atzo goizean aurkeztu zuten 'Ez da sagardoa, zu zara' kanpaina.

Berretsi dute «sagardoaren kulturaren alde lanean» jarraituko dutela, eta «jarrera onartezinek ez dutela tokirik» Hernanin.

Txotx denboraldi betean, 'Ez da sagardoa, zu zara' sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du Hernaniko Udalak, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean. Atzo egin zuten aurkezpen agerraldia, eta bertan izan ziren Udaleko, Berdintasun Kontseiluko, ostalaritzako eta kulturartekotasunean lanean diharduten elkarteetako ordezkariak. 

Xabier Lertxundi alkateak hartu zuen hitza, eta kanpaina sortzeko beharraren zergatiak azaldu zituen: «Zoritxarrez, sagardotegira joatea gure usadioa den bezala, maiz ematen dira eta ohikoak bilakatu dira kultura horrekin loturarik ez duten eta onartezinak diren zenbait jokabide». Adibideak jarri zituen Lertxundik, onartezinak diren jokabideak nabarmenduz: «Maiz ematen dira jokabide matxistak, arrazistak eta elkarbizitzaren kontrako jokabideak». 

Horregatik guztiagatik erabaki dute kanpaina martxan jartzea. Lertxundik aipatu zuen zer dagoen leloaren atzean, eta zein den eragile guztien asmoa: «Hemen gauden eragile guztiok esan nahi duguna da sagardoaren kulturaren alde gaudela, bultzatu egingo dugula gure izaeraren zati bat delako, baina arbuiatu egiten ditugula onartezinak diren jarrera horiek guztiak. Horretarako neurriak ere hartuko ditugu». Nafar kalean kokatuko den indarkeria sexistarik gabeko gunea nabarmendu zuen alkateak: «Norbaitek eraso matxista nahiz sexistarik jasan edo ikusiko balu, informatu ahal izateko». 

Segurtasuna, garbiketa eta mugikortasuna, indartuta 

Milaka pertsona iristen dira Hernanira astebururo, larunbat eguerdiak izaten dira une jendetsuenak, eta 70 autobusetik gora zenbatu izan dira. Horren aurrean, hiru esparrutan hartu ditu neurriak Hernaniko Udalak: segurtasunean, garbiketa lanetan eta mugikortasunean. 

Segurtasunari dagokionez, udaltzaingoaren efektiboak bikoiztu egin dira txotx denboraldirako, eta Ertzaintzarekin ere koordinazio lana egiten ari dira. Garbitasuna mantendu ahal izateko komun publiko gehiago jarri dituzte; eta mugikortasunaren arloan, hiribusaren maiztasuna areagotu dute jendea sagardotegietara autobusean joan dadin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!