'Erresistentzia erromania eta feminismoa' tailerra eskainiko dute, Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 00:00

Kera Emakumeen Ijito Elkarteak eskainiko du. Bihar izango da lehenengo saioa, otsailaren 22an bigarrena eta martxoaren 1ean azkena. 

'Erresistentzia erromania eta feminismoa. Emakume ijitoen borrokak argitara sistema patriarkal, kapitalista eta kolonialaren aurrean'. Hala izena du bihar bertan Kulturarteko Plaza Feministan eskaintzen hasiko diren ikastaroak. Kera Emakumeen Ijito Elkarteak dinamizatutako ikastaroa da, eta Palmira Dual Jimenez izango da hizlaria. Tankerako ikastaroetan luze aritua da Dual, eta emakume ijitoen ikusgarritasuna aldarrikatzen ari da buru-belarri.

Horixe da, zehazki, bihar hasiko den ikastaro honek duen helburua; emakume ijitoen errealitatea ezagutaraztea: «Ikastaro honetan aukera izango dugu emakume ijito feministen borroketara zein erresistentzia erromanira gerturatzeko». Kera Elkartetik salatzen dute emakume ijitoak biktimizatuak izaten jarraitzen dutela, eta horren aurka jarduteko sareak ehuntzea dela xede nagusia: «Gure asmoa da elkar ezagutzeko uneak sortzea, guztiok zeharkatzen gaituen sistema kapitalista eta patriarkalaren aurka borrokatzeko aliantza feministak sortzea, kolektiboki ehundu nahi dugu».

Ijitoek pairatzen duten diskriminazioa eta gizartean duten ikusgarritasun eskasa ezjakintasunarekin lotzen dute: «Salatu nahi dugu jendarteak gure kulturari eta errealitateari buruz duen ezjakintasuna, edota komunikabide hegemonikoek ijito-herriari buruz sustatzen dituzten estereotipoak eta aurreiritziak». Nabarmentzen dute ezagutza falta horrek «euskal jendartean ere» eragiten duela. 

Hiru saioz osatutako ikastaroa izango da

Bihar hasiko dira ikastaroarekin, eta lehenengo saioak jarraipena izango du datozen asteetan. Bigarren saioa otsailaren 22an izango da, eta hirugarren saioa martxoaren 1ean. Bi orduko saioak izango dira, arratsaldeko 18:00etan hasi eta 20:00etan bukatuko dituzte, eta oraindik izena emateko aukera zabalik dago https://www.hernani.eus/eu/-/erresistentzia-erromania-eta-feminismoa webguneko formularioa beteta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!