Inude eta artzaiekin hasiko dira Inauteriak, eta sardinaren ehorzketarekin bukatu

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 00:00

Festen hasiera datorren ostiralean, otsailaren 17an, izango da.

Igande honetan irtengo dira Inude eta Artzaiak. Festen hasiera, aldiz, datorren ostiralean izango da, 15:15etan; eta hilaren 21ean bukatuko dira Inauteriak.

Iristear dira Inauteriak, datozen asteetan itzuliko dira era guztietako mozorroak Hernanira, eta festarako eskaintzak ere ez du hutsik egingo. Modu ezberdin askotan gozatzeko aukera izango da; igande honetan hasi eta hilaren 21era arte. Ohi bezala, Inude eta Artzaien kalejirarekin hasiko dira festak, Urumea ikastolako haurrek osatutako ibilbidearekin. Gay Mur eraikinetik irtengo dira, eta Gudarien plazan amaituko dute dantza saioa.  

Alabaina, festen hasiera ofiziala datorren asteko ostiralean izango da, otsailaren 17an. Gudarien plazan botako dute txupinazoa, eta Kaxkoko kaleetan zehar kalejiran ibiliko dira Hernaniko eskoletako haurrak, prestatutako mozorroak erakusten eta herriko kaleak kolorez betetzen. Arratsalde horretan bertan irtengo dira lehen aldiz erraldoiak eta buruhaundiak, dultzaineroek lagunduta, eta mota askotako ekitaldiz josita egongo da arratsaldea: haurrentzat Gora bihotzak! musika eta dantza ikuskizuna, afizionatu kategoriako pelota partiduak, Gaztelekuko batukada eta Hernaniko Musika Bandaren kontzertu tematikoa. 

Goizetik gauera festa giroa nagusituko da otsailaren 18an. Azeri dantzarekin hasiko da Inauterietako larunbata, eta txaranga nahiz erromeri artean, buruhaundiez eta zezen txikiez gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek. Haurrek, aldiz, Piraten istorio bat antzerkia ikusi ahal izango dute, Milagrosan. 

Arratsaldean iritsiko da festazaleen txanda. Gaztetxoentzat DJekin girotutako dantza festa izango da, Atsegindegin; eta arratsaldeko 19:00etan Zuttik elektrotxarangak girotuko ditu Kaxkoko kaleak. Afaltzeko tartetxo baten ondoren, gaueko 20:00etan hasiko da berriro DJ festa Atsegindegin, eta 00:00etan abiatuko da Incansables txaranga, gau-txoriei parranda girotzeko asmotan.

Egitarau motzagoa izango da igandekoa. Txaranga eta Ttarla Dantza taldearen kalejira izango dira goizean, Urbieta kaletik hasita. Arratsaldean, berriz, Hernani Musika Eskolako trikitilariek eta Korrontzi taldeak girotuko dute herria. Astelehenean bueltan izango dira gaztetxoentzat prestatutako ekintzak; azeri dantza, poniak eta zezen txikiak eta herri kirolen ikuskizuna ikusteko aukera izango dute goizean, eta erraldoi eta buruhaundien konpartsaz eta puzgarriez gozatzeko aukera egongo da arratsaldean. 

Otsailaren 21ean, asteartean, sardinaren ehorzketarekin bukatuko dira 2023ko inauteriak.

 

INAUTERIAK 2023

HERNANI

OTSAILAK 12

11:45 Inude eta artzaiak, Gay Mur eraikinetik irtenda. Urumea ikastolatik abiatuta.

12:45 Hernaniko Musika Bandaren Inauterietako kontzertua, Udaletxeko arkupeetan. 

OTSAILAK 17

15:15 Jaien hasiera eta Hernaniko eskoletako haurren kalejira, Gudarien plazatik. 

17:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa, dultzaineroek lagunduta. 

17:30 Eidabe konpainiaren Gora bihotzak musika eta dantza ikuskizuna haurrentzat, Plaza Berrian. 

19:00 Afizionatu kategoriako pelota partiduak, Kiroldegiko frontoian. 

19:00 Batukada Gaztelekuan. 

19:30 Hernaniko Musika Bandaren kontzertu tematikoa, Biterin. Roberto Pachecok zuzendua.

OTSAILAK 18

10:00 Azeri dantza.

11:30 Inauterietako txaranga.

11:30 Poniak eta zezen txikiak haurrentzat, Latsunbeberri auzoan. 

12:00 Erromeria Jeiki Hadi taldearekin, Plaza Berrin. San Joan Konpartsaren eskutik.

13:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa txistulari eta dultzaineroek lagunduta. 

17:30 Piraten istorio bat haurrentzako antzerkia, Milagrosan.

18:30 Dantza festa gaztetxoentzat DJarekin, Atsegindegin.

19:00 Zuttik elektrotxaranga Kaxkoan barrena.

22:00 DJ festa Atsegindegin.

00:00 Incansables txarangaren irteera, Kaxkotik. 

OTSAILAK 19

11:30 Inauterietako txaranga.

12:00 Ttarla taldearen konpartsa eta mozorroen kalejira, Urbieta kaletik abiatuta. 

18:00 Inauterietako txaranga.

19:00 Hernani Musika Eskola Publikoko trikitilariak herriko kaleetan barrena. 

19:30 Korrontzi taldearen musika eta dantza ikuskizuna, Ezkiaga pasealekuan. (Euria egiten badu, Atsegindegin izango da kontzertua)

OTSAILAK 20

09:00 Diana. Hernaniko Herri Musika Elkartea.

10:00 Azeri dantza gaztetxoentzat. 

11:30 Poniak eta zezen txikiak haurrentzat, Latsunbeberrin. 

12:00 Kulki, industriako herri kirolak haurrentzat, Atsegindegin. 

16:00 Erraldoi eta buruhaundien konpartsa, dultzaineroek lagunduta. 

17:00 Haur eta gaztetxoentzako jolastokia eta puzgarriak, Atsegindegin. 

OTSAILAK 21

18:30 Sardinaren ehorzketa, dultzaina taldearekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!