Ansa erabat nagusituta, erabakita dago finala

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 00:00

Nagusi izan zen Imanol Ansa.

Urnietarrak 30-17 menderatu zuen Ezkurra, eta finala jokatuko du Endika Barrenetxearen kontra.

Espero baino lehenago, erabakita geratu da zeinek jokatuko duen Buruz Buruko Masterraren finala: Endika Barrenetxea hernaniarra eta Imanol Ansa urnietarra izango dira aurrez aurre, otsailaren 18an, Galarretan. Hori baino lehen, beste partidu bat jokatuko dute elkarren kontra, hilaren 11n, semifinaletako ligaxkako azkeneko jardunaldiari dagokiona.

Partidu horrek ez du ezer aldatuko, ordea. Ansak nagusitasunez menderatu zuen Josetxo Ezkurra, joan den larunbatean, ligaxkako bigarren jardunaldian (30-17). Hori horrela, puntu bakar bat ere ez zuen pilatu doneztebarrak, eta Barrenetxearen kontra ere galdu zuenez, finalera sailkatzeko aukera guztiek egin diote ihes. Ansaren eta Barrenetxearen artekoan edozer gertatuta ere, beraiek izango dira finalista. Finalaren preludio izango da partidua, eta horrek erakarriko du zaleen arreta.

Ansak sekulako abiadura jarri zion larunbateko partiduari, eta ezinean aritu zen Ezkurra. Berehala lortu zuen abantaila, 6-1 eta 11-5 aurreratuta, eta sei-zazpi tantoren aldearekin izan ondoren, beste kolpe bat eman zion doneztebarrari, 21-9 eta 25-13 ihes eginda. Laburra izan zen partidua, eta peloteo askorik ere ez zuen izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!