Manolo Sagarna, Musika Bandako zuzendaria izandakoa, hil da

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 6a, 00:00

20 urtetan baino gehiagotan izan zen zuzendari, 1983an batuta hartuta musikagile hernaniarra.

Manuel Sagarna Goiburu larunbatean hil zen 87 urte zituela. 20 urtetan baino gehiagotan izan zen Hernaniko Musika Bandako zuzendari, 1983an batuta hartuta eta bere ibilbide artistikoan lan asko egin zuen musikari lotuta. Saxofoigilea zen eta azken hilabeteetan ere musika entzuten ikusi zitekeen 'Manolo' irratia eskuan hartuta. Musika zuen pasio eta azken arnasera arte izan du bidelagun. Hernaniko musikaren historian leku berezia du Manolo Sagarnak eta erreferentzia izan da askorentzat. Gaur Musika Bandak hileta ondoren eskeiniko dizkio bi abesti arkupetatik: Agur Jaunak eta Katiuska 2. selekzioko bukaerako korala

Urte asko dira, Hernaniko Musika Bandaren batuta utzi zuela Manolo Sagarna Goiburuk, baina ez dute berehalakoan ahaztuko bere lana eta ekarpena. 1983an hartu zuen bandaren gidaritza, eta bi hamarkada baino gehiago egin zituen zuzendari lanetan, Zipri Otxandorenari testigua pasa zion arte. Ordutik, beste hiru errelebo izan dira: Roberto Pachecok hartu zuen batuta 2013an, Jorge anaiari pasa zion 2018an eta azkena Bittor Karrera da, 2022an testigua hartuta.

Lehenengo hiruek aitortu zuten, urte guzti hauetan, ondo gogoan dutela Sagarnak egindako lana, beraien irakasle ere izan baitzen; eta harreman estua dagoela haien artean.

 

2021ean 'egileen giltza' eman zion SGAEk, 50 urteko ibilbide luzeagatik

Baina Hernanitik ez, SGAEtik (Sociedad General de Autores y Editores) iritsi zitzaion errekonozimendua Sa­garnari, 2021ean: egileen giltza delakoa eman zioten, 50 urtez elkarteko bazkide izateagatik, eta hainbeste urtetan egindako «ibilbide artistikoa balioan jartzeko».

Bilbon egin zuten ekitaldia; eta Sagarnarekin batera beste sei musikagile ere omendu zituen SGAEk: Julen Ezkurra, Pascual Barturen, Enrique Fernández de Garayalde, Sabin López de Guereño, Carlos Zubiaga, eta Joxe Mari Oiartzabal an­doaindarra, Hernaniko Musi­ka Bandarekin lotura haundia daukana.

Antonio Onetti SGAEko presidenteak eman zien egileen giltza, eta esker hitzak izan zituen haientzat guztientzat. Ezin izan zuen ekitaldira bertaratu Sagarnak, eta ondorengo egunetan jaso zuen giltza Donostian, berari eskainitako ekitaldi pribatu batean.

Azken bi zuzendariek dioten bezala. «Asko gogoratzen gara bera­re­kin, eta elkartzen ginenean musikaz ari­tzen ginen. Azkenean, gure irakasle ere izan zen. Hor gaude, bera egon zelako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!