«Hernaniarrek eskubidea dute etorkizuneko babes ofizialeko etxeetan errotzeko»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Santa Barbarako eta Floridako etxebizitzen esleipenaren aurrean, EH Bilduk egindako proposamenaren kontra agertu da EAJ-PNV.

Ez dator bat Hernaniko EAJ-PNV, Santa Barbarako eta Floridako etxebizitza babestuen esleipenaren aurrean EH Bilduk egin duen proposamenarekin. Horren kontra azaldu da, eta bere postura argitu nahi izan du: «Defendatu dugu hernaniarrek etorkizuneko babes ofizialeko etxebizitzetan errotzeko eskubidea dutela. Oso garrantzitsua da hainbat baldintza ezartzea, hernaniarrek aukera izan dezaten bere udalerrian errotzeko, eta Hernanin lan egiten dutenek beren bizi-kalitatea hobetu dezaten, beren etxebizitza lanpostutik gertu izanez».

EAJ-PNVk adierazi du, «etxebizitza babestuen beharra» daukala Hernanik, «hori baita hainbat beharrizan dituzten pertsonek etxebizitza duin bat eskuratzeko bidea». Baina uste du, EH Bilduk Santa Barbararako eta Floridarako egindako proposamenean, ez dela «lehenesten» hernaniarren eta bertan lan egiten dutenen etxebizitza aukera: «Aintzat hartu behar da, eskatzaileek Hernanirekin izan dezaketen harreman pertsonala edo laborala. Horregatik, uste dugu etxebizitza babestuak eskuratu behar dituztela, lehenik eta behin, azken 10 urteetan Hernanin erroldatuta egon diren herritarrek, edo azken 20 urteetatik 10etan erroldatuta egon direnek. Eta lehen fasean, gure herrian lanean 15 urte daramazkitenak ere sar daitezke, bere lan-errotzea existitzen baita».

Zentzu horretan, jeltzaleek azaldu dute, eskatu dutela «etxebizitza tasatuak eta babes ofizialekoak esleitzeko oinarriak arautzen dituen ordenantza aldatzea, Hernanin nolabaiteko errotzea duten pertsonei sarbidea errazteko. Pertsona horien beharrak ase ondoren, libre geratzen diren etxebizitzak esleitu ahal izango lirateke, beste udalerri batean bizi den edonori».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!