Bat, bi, hiru... 'IEUP!'

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Txikiak zein helduak aterako dira baserriz baserri abesten, gaurkoan.

Bailara kopla zahar eta berriz beteko da, Santa Ageda bezpera ospatzeko. Berezko izaera berreskuratuko dute aurten ohiko errondek, aterik ate ohiturak berritzeko.

Makilak prest, oinetako urratuak eta ahotsak bero dituzte Urumea bailarako herritarrek. Urteroko ohiturari hutsik egin gabe, eta berritzeko asmotan, aterik ate kantuan ibiliko dira Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun eta Goizuetan. 

Hernanin, kale buelta ugari izango dira, izan ere, hiru abesbatzek jarri dute Santa Ageda bezpera ospatzeko hitzordua. Eguerdiko 12:00etan, Kantuz abesbatza irtengo da kalera, Gudarien Plazatik abiatuta. Eta arratsaldeko 17:00etan, berriz, Goiz Eguzkiko abesbatzak hartuko du lekukoa: aurrena, zaharren egoitzara egingo dute bisita eta bertakoak alaitu ostean, Kaxkoan egingo dute kale buelta. Hirugarren abesbatza Ohitura Zaharrak abesbatza izango d eta arratsaldeko 17:45etan elkartuko dira Milagrosan. 

Hiru abesbatzek, eguna girotuko dute, kaxkoa kantu, bertso eta txistu doinuz girotuta, eta denak jarriko dituzte oles egiten. 

Ereñotzuko auzotarrek ere, ederki astinduko dituzte makilak gaurkoan, arratsaldean aterako dira oles egitera, Ur Mia elkarteak antolatuta. Arratsaldeko 15:00etan bilduko dira parte hartzaileak, elkartean bertan, 15:30etan abiatzeko. Elkarrekin, baserriz baserri eta auzoz auzo ibiliko dira, ilunabarra heldu arte, Santa Ageda bezpera ospatuz. 

Kale buelta goiztiarrena astigartarrek egingo dute: goizeko 11:00etan aterako da oles egitera, Aiztondo abesbatza. Kalez kale ibiliko dira, kantuan, Astigarraga girotuz, bazkal ordua heldu arte.

Goizuetarrak, berriz, arratsaldean dute makilak astintzeko hitzordua, 18:30etan hain zuzen ere. Aurten, 12garrenez ospatuko dute Santa Ageda bezpera, eta gonbitea luzatu diete, goizuetarrei bertaratzeko eta parte hartzeko: «haur, gazte edota heldu; gustuko baduzu, baserritarrez jantzi eta azaldu! Denok batera eginen dugu oles!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!