Hungariatik Elur Txorira, eta Elur Txoritik herriko kaxkora, Kaldereroen konpartsa

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Duela 62 urte atera zen aurreneko Kaldereroen konpartsa, Elur Txori elkartearen eskutik.

Gaur gaueko 21:00etan aterako da Kaldereroen Konpartsa, Elur Txori elkartetik; aurreneko geldialdia Zaharren Egoitzan egingo dute, eta hortik, erdigunera abiatuko dira, kaxkoko kaleak girotzeko asmoz.

Gaur gauean, lapiko eta mailuak eskuetan hartuta, herriko kale­ak eta plazak alaitzera aterako da Kaldereroen konpartsa, Elur Txori elkartetik, inauteriak iragartzeko asmotan. Joan diren bi urteetan Kaldereroen konpartsak ez ditu herriko kaleak zeharkatu, pandemiak eragindako egoeragatik. Baina aurten indarrez beteta datoz, eta konpartsa kalera ateratzeko «irrikaz» daudela aitortu dute Elur Txori elkartekoek: «Herritarrak gogoz daudela dirudi. Konpartsa atera aurretik afari baten bueltan biltzen gara, hemen, elkartean bertan, eta giroan sartzen gara, nolabait esateko. Aurreko urteetan 100 lagun baino gehiago elkartzen ginen. Gehientsuenak familiak izaten dira, haurrak beren gurasoekin. Afari sinple bat izan ohi da: makarroiak eta oilaskoa. Jan goxoa eta konpainia ederra. Afaria egiten dugu batik bat ziurtatzeko jendea aterako dela konpartsan. Eta bai, irrikaz eta ilusioz gaude».

Ezkerretik hasita, bigarrena da Mentxu Clemente. Erregina janzteko ardura izan zuen urte luzetan.
 

Afaldu ostean, kaldereroak 21:00etan aterako dira elkartetik, eta aurreneko geldialdia, beti bezain berezia izango da: Hernaniko Zaharren Egoitza. Irrifar batekin hartuko dituzte egoiliarrek, bereziki Mentxu Clementek, bera aritu baitzen urteetan, 'modista' lanetan: «Mentxu Clementek 1961etik, Elur Txorik antolatutako konpartsako erregina janzten zuen, berak zuen erregina janzteko batuta, eta urte askotan bete du eginkizun hori modu profesionalean. Beti eskertuko diogu».

Egoitzan abestu ostean, plazara abiatuko dira Hungariako ijitoak, eta udaletxe atzean beste geldialdi bat egingo dute, errepertorioarekin jarraituz. Segidan, kaxkoan barrena ibiliko dira, alde zaharra girotzen, lapiko eta mailuak astinduz. 

Bi karrozek osatuko dute aurtengo Kaldereroen konpartsa: «Arrobin egoten dira, eta bi hauek erregeen kabalgatan erabiltzen diren karrozak dira. Karroza batean jartzen dugu mahai bat eta sua egiten dugu, ikatzarekin. Bidean zehar pintxoak banatzen ditugu, txistorrarenak. Beste karrozan, berriz, doaz hiru pertsonaia: erregina eta bere bi dama. Dekorazioa guk egina da, aurreko urteetatik aprobetxatutako materiala erabiliz, noski». 

Kaldereroen erregina izango da karrozako protagonista, damak ondoan dituela, eta inguruan dantzan eta kantuan joango dira, artza, zuzendaria eta ingudea: «Azken hau eramaten dugu karro batekin. Gainontzekoak kaldereroak dira, eta artza bera kaldereroekin batera joaten da kaleetan barrena, herriko txokoak girotuz, kaldereroen abestiak lau haizetara zabalduz». 

 

Ohitura aldaketak 

Elur Txorik izan du urte luzeetan zehar Kaldereroen konpartsa antolatzeko ardura. Hala ere, Elur Txori elkartekoek azaldu dute urte batean, Los Luises gazte talde batek antolatu zula: «Baina urte horrez gain, beste urte guztietan antolatu bada, Elur Txoriren eskutik izan da. Urte batean, Txalaparta elkartearekin batera antolatu genuen Kalderero konpartsa. Hala ere, beste urte guztietan, guk antolatu dugu konpartsa, eta pozik hartzen dugu erantzukizun hau».

Dagoeneko 62 urte dira Hernanin Kaldereroen konpartsa atera zenetik, eta pandemiako bi urteko etenaldiaz gain, urtero atera izan dira Hungariako kaldereroak herriko kaleetan barrena. Elur Txorik aitortu du garaiak aldatu egin direla: «Hasierako konpartsetan, jende heldu asko ateratzen zen, eta koroak ere bazeuden. Orain ohitura batzuk galdu egin dira, edo tira, hobe esanda, aldatu. Lehen gizonezkoak ateratzen ziren, eta duela 15 edo 20 bat urte ohitura hau aldatu genuen. Orain denok ateratzen gara lapikoari kolpeak ematera. Orain ere seriotasunarekin antolatzen dugu Kaldereroen konpartsa, baina jai giro gehiago dago, eta hori uste dut positiboa dela». 

Hiru entsaio egun izan dituzte kaldereroek, gaurko eguna borobila izan dadin: «Entsaioetara etortzen dira familia batzuk, eta aprobetxatzen dute askok elkartean afari merienda bat egiteko». Hala ere, elkartekoek herritar oro Kaldereroen konpartsan parte hartzera gonbidatu ditu: «entsaioetara etortzen ez denak ere, konpartsan ateratzeko aukera du noski. Elur txorik antolatutako kaldereroen konpartsa ez da «tradizionala», herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta, beraz, mozorrotu eta animatu!». 

Kaldereroak lanean

Kriseilu, lapiko pertzak,
Burruntzali eta eltzeak
Aise konpontzen gu gara
Merke eta trebeak! (Bis)
Eta lan muxu truke
Pozik egingo genuke,
Hor goiko neska politek,
eskatzen badigute. (Bis)
Hernaniar neska panpoxak
Ez al du beste lanik?
Aurtengoz badugu aski
eta gozen aurrera. (Bis)
Kontu izan
Agur gisan
Kaldereroek
Kantatzean
Berriz ere
Egun batez
Joko dugula,
Tak, tiki tak. (Bis)
Hernaniar neska panpoxak
Ez al dugu beste lanik?
Aurtengoz baudu aski
Eta goazen aurrera. (Bis)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!