Zortzi ibilbide erraz Plazatik abiatuta, Hernaniko ingurune (ia) osoa ezagutzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Ibilbide sorta ederra prestatu du Inaxio Sanz hernaniarrak. Goiz Eguzkitik jaso zuen horretarako eskaera, jubilatuek beraien paseoak egiteko goizetan; eta Kronikak argitaratuko ditu ibilbide horiek, xehetasun guztiekin, datozen asteotan: 15 egunetik behin, ibilbide bana.

Goiz Eguzkitik jaso zuen deia, mesede eske: «Inaxio, prestatuko al zenituzke bizpahiru ibilbide erraz Hernani inguruan, egoitzatik abiatuta egin ahal izateko jubilatuon paseotxoetan?». Ez zioten edozeini egin eskaera, herriko inguruak ondo baino hobeto ezagutzen baititu Inaxio Sanzek, eta barruraino sartuta baitauka ibiltzeko ohitura eta afizioa. «Ezin izan nien ezetz esan... Joshean Olano, Goiz Eguzkiko lehendakaria, laguna dut, eta berak eskatu zidan zuzenean. Beraz, ibilbideak prestatzen hasi nintzen».

Halaxe egin zuen, eta eskaera bete, baina desberdintasun txiki batekin. Bizpahiru ez, zazpi ibilbide prestatu zituen Inaxio Sanzek, eta zortzigarren bat gehitu du orain. Horiekin, Hernaniko ingurune osoa ezagutu daiteke ia, Hernaniko erdigunetik abiatuta, ibilbide errazak eginez.

Jubilatuek badaukate, beraz, denbora luze batez ibilbide desberdinak osatzeko aukera. Aldiro txoko ezberdinetatik pasa, eta zenbait toki aurrenekoz ikusi eta bisitatuko dituzte hainbatek, herriko erdigunetik aterata bai baitago zer ezagutua.

15 egunetik behin, ibilbide bana Kronikan

Baina jubilatuentzako ez ezik, edozein herritarrentzako izan daitezke aproposak ibilbide horiek. Nori ez zaio gertatu, igande goizean zer egin ez jakitea? Edo paseo bat eman nahi, eta ibilbide desberdin bat osatu nahi izatea, baina ez jakitea nondik?

Kasu horietan plan politak eskura izateko helburuarekin, ibilbide horiek elkarrekin plazaratuko ditugu Kronikak eta Inaxio Sanzek, datozen asteotan. Bi astetik behin, ibilbide bana argitaratuko dugu Kronikan, datorren larunbatean hasita, xehetasun guztiekin: ibilbidearen mapa, perfila, deskribapena, paseo horretan bisitatuko ditugun tokiak, berezitasunak...

Ibilbide errazak dira Inaxio Sanzek prestatu dituenak, edozein adinetako herritarrek egiteko modukoak, familian edo lagunartean osatzekoak. Luzeran, denak dira antzekoak, ez luze eta ez labur: 7 kilometrokoa da laburrena, eta 9 kilometro baino gutxiago dauzka luzeenak. Edozein goizetan egiteko modukoak, edo arratsalde batez.

Goiz Eguzkitik abiatuta prestatu ditu zortzi ibilbideak, eta zirkularrak dira, Goiz Eguzkin bertan bukatzeko. Horixe dute erreferentziazko gunea jubilatuek, baina Plaza aukeratu dezakete elkargune eta abiapuntu gainerako herritarrek, Plazan hasi eta Plazan bukatu, berbera izango baita ibilbidea.

Osiñagan barrena prestatu du ibilbide sortaren aurrenekoa Inaxio Sanzek, Sagardotegietako Ibil­bidearen antzekoa, baina pixka bat laburragoa eta arinagoa. Bigarrenak ere badu antzik, Hernaniko Ibilbide Sareko buelta batekin, Jauregin barrena, Santa Barbara inguratuz. Gainerakoek, ordea, ez dute aurreko erreferentziarik: Urnieta eta Osiñaga arteko inguruetan bi, Zikuñaga eta Martindegi arteko inguruetan beste bat, Astigarragara dijoan bat ere bai, eta Oriamendi eta Arizmendi inguruetan ibilbide bana.

Zortzi ibilbide, txoko ederretan barrena, eta ikuspegi paregabea eskaintzen dutenak tarteka. Hernaniko ingurune gorabeheratsua ezagututa, ezin esan ibilbide lauak izango direnik; baina ibilbide gehienetan, 200 metro baino gutxiagokoa da igoera metatua; eta bi kasutan bakarrik izango du igoera gehixeago, baino horietan ere, 300 metrotik beherakoa.

Datorren astetik aurrera, beraz, Kronikan aurkituko dituzue ibilbide horiek, bi astetik behin; eta webgunean jarriko dugu eskuragarri ibilbidearen tracka (GPS gailuekin ibilbidea jarraitu ahal izateko artxiboa).

Hortik aurrera, plana norberaren kontura! Igande goizetarako familia plana egin, lagunei proposatu, edo zure 'momentua' edukitzeko baliatu ibilbideak. Akaso korrika saioak egiteko ere erabiliko dituenik izango da! Distantzia eta igoera metatua ikusita, behintzat, ezin aproposagoak izan daitezke horretarako ere...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!