«Irakurlea entretenitzea da nire xede nagusia, liburuaren amaierara heltzeko gogoa piztuz»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Luis Azorín, 'El sueño de la lechuza' eskuetan duela, Kronikarako elkarrizketan.

El sueño de la lechuza liburua argitaratu berri du Luis Azorín Calderón hernaniarrak, eta Goiz Eguzkiko areto nagusian eskainiko du honi buruzko aurkezpena, hilaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan: «herritar oro dago gonbidatuta».

Geografia eta Historian lizentziatutako idazlea da Luis Azorín hernaniarra, eta otsailaren 10ean, El sueño de la lechuza liburua aurkeztuko du arratsaldeko 18:00etan, Goiz Eguzkin, eta bertaratzeko gonbitea luzatu die herritarrei. Irakurle amorratua da, gazte-gaztetatik kontakizunen idazlea, eta hala ikusarazi du kaleratu berri duen liburuan. Kronikak idazle hernaniarrarekin jardun du solasaldi luze batean, eta liburuko istorioan murgildu gaitu, bete-betean. 

Azoriñek liburuari buruzko laburpen txiki bat eskaini  digu: «El sueño de la lechuza polizia istorio bat da, Leire izeneko kazetari batean oinarriturik. Oso neska jakintsua, eta aldi berean, sozialki lotsatia. Tokiko egunkari batean egiten du lan, eta lan honek ez ditu bere anbizioak asetzen. Leire ez dago gustura bere bizitza pertsonalarekin, ezta laboralarekin ere.

Egunkariko nagusiak, ikerketa-erreportaje bat egiteko proposamena botatzen dio eta Leirek, aukera ederra ikusten du. Bizitza berregiteko bidea dela iruditzen zaio; bere bizitzan bizi ez duena ezagutu nahi du, esperientzia berriak probatuz. Beraz, lana onartu, eta ustekabean, pertsona berriak eta  egoera ez-ohikoak ezagutzeko aukera izango du, bete-betean murgilduko den abentura ikaragarri batean. Leku exotikoak zeharkatuko ditu, eta erakunde arraroen lekuko izango da kazetari gaztea. Itzaleko gerra amorratua, gizateriaren etorkizuna auzian jarri eta bere bizitza arriskuan jarriko duena, hain zuzen ere. 

Liburuaren aurreneko orrian, aurkezpenean, esaldi batek gertatuko dena laburtzen du. Lagun batek Leireri ondorengoa esaten dio: No te pases de imprudente, pero sé intrépida. Momentu horretan Leire ohartzen da, izan ez denaz, edota egin ez duenaz. Beraz, horretara doa, egin ez duena egitera, abenturak bizitzera. Leirek badaki istorio arriskutsu eta ilun batean sartuko dela, baina barruko zerbaitek bizipenak bizitzera bultzatzen du. Istorioak aurrera egin ahala, protagonista konturatzen doa sekulako iluntasuna duen abenturan sartzen ari dela. 

Istorioan batzuk dira onak, eta beste batzuk, berriz, txarrak. Denak zerbaiten bila daude. Eta istorioan agertzen diren pertsonaia guztiak egongo dira modu batera edo bestera elkarri lotuta».

 

 

Hasieran, Leire da narratzailea, baina gero, istorioko protagonista bilakatzen da.

Hori da. Leirek, liburuaren hasieran, pertsonaia bat aurkezten du. Honi buruzko zenbait gauza kontatu dizkiote, baina ohartzen da pertsona bera elkarrizketatu behar duela. Beraz, herri txiki batera joaten da, hau elkarrizketatzera. Eta liburuan aurrera zoazen heinean, konturatzen zara pertsonaia honek Leire nahasten duela istorioan. Modu horretara, Leire pertsonaietako bat bilakatzen da, protagonista. 

 
Intrigazko liburua da ‘El sueño de la lechuza’

Intrigaz betetako liburura da. Beti dago zalantza; Leire benetan dago sartuta honetan? Edo ez?  Leirek anaia du? Edo ez?... galdera asko egingo ditu irakurleak bere baitan, seguru. 

Saiatzen naiz nobela ‘motz’ batean hausnarketa sartzen, eta egia da gauza asko daudela liburu honetan.  Hauek iradokita daude, eta ez da nobela filosofiko bat. Entretenimenduzko nobela bat da, maila altuko entretenimendua, hain justu. Pelikulen adibide bat jarriz: ez da Jason Stathanen akzio biziko pelikula bat; gehiago hurbildu daiteke ‘El Padrino’ pelikulara, akzioa badago, baina beste istorio bat dago, hausnarketarako tartea dago. 

«Gustatuko litzaidake niretzat idaztea; nik idatzi, nik irakurtzeko. Baina momentuz idazten dut besteentzat eta gustura jarduten dut teklaz tekla istorioak sortzen»

 

Idazle profesional batek hazteko duen ingurua eta afizionatu batek duenak ez du zerikusirik. Nola hazi zara zu? 

Ni idazle profesionala kontsideratzen naiz. Afizionatua 25 urterekin nintzen, nire lehenengo nobela idatzi nuenean. Duela urte batzuk aurkitu nuen gaztetan idatzitako nobela txiki bat eta oso kalitate txarrekoa zela iruditu zitzaidan, benetan txarra. Nire gaztetako amodiozko abenturak kontatzen nituen, nire parrandak, neskak, lagunak… 

Baina gaur egun, esan dezaket idazle profesionala naizela. Musikari batekin gertatzen da, kalean kontzertu bat eskaintzen du, eta bapatean, munduak ezagutzen du; agertzen da telebistan, aldizkarietan, sare sozialetan… Ni berdin sentitzen naiz, ez dut Nobel Saririk jasotzeko helbururik. Ni konformatuko nintzateke hiru tirada eginez gero. 

 

Hernaniarra zara, ez da Madrilen bizitzea bezala. Liburu bat hemen argitaratzeak badu ‘txikitasuna’, eta hazteko zailtasun gehixeago, ezta? 

Bai. Justu liburu honen argitaletxea (siníndice) Errioxakoa da. Argitaletxe txikia da eta mugak dituena. Eta zeuk diozuna, noski ez dela berdina beste edozein herrialdetako hiri haundi bateko idazlea izan, edo herri txiki batekoa; hala ere, hemengoak irakurtzen banaute ere, ni zoriontsu. 

 

Duela lau urte argitaratu zenuen  beste nobela bat (Yugos de Ceniza). Oso nobela ezberdinak dira. 

Atera berri dudan azken liburu honetan, Yugos de Ceniza liburuan agertzen diren pertsonaia batzuk berreskuratu ditut, oso gutxi agertzen dira, baina bi dira.  

Baina bai, bi nobelak oso ezberdinak dira. Yugos de Ceniza liburuak intriga pertsonalagoa du, aldiz, El sueño de la lechuza erakunde internazionalei buruzkoa da, mafia internazionala, zerbitzu sekretuak… Bi liburuak komunean duten ezaugarri bat da intrigazkoak direla. Hala ere, liburu berri honen istorioa askoz ere zabalagoa da. 

 

Guzti honen protagonista, beraz, Leire dugu. Zeintzuk dira zehazki abentura berri batean murgiltzeko Leireren arrazoiak? 

Oso neska jakintsua, baina ez da kontziente ikasketengatik, edota sozializatzeko gabeziagatik, bakarrik dagoela. 

Leirek abenturan murgiltzeko bi arrazoi nagusi ditu: alde batetik, arlo profesionalean aurrera egiteko; eta beste aldetik, inkontzienteki, abentura bat bizitzeko. Bera kontziente baita bere inguruko jendeak sekulako esperientziak bizi izan dituela, eta berak, aldiz, ez. Beraz, bi arrazoi horiengatik sartzen da proiektu berri batean. Egoerak gainezka egingo dio eta inguruko guztia jarriko du zalantzan. Arrazoi batengatik edo bestearengatik abenturan jarraitzen du, eta noski, bere bizitza jokoan egongo da, une oro. 

Egia da nobela motza dela, baina garrantzitsua da amaierara arte irakurtzea dena, ondo ulertzeko; irakurritakoa hausnartu eta ondorioak ateraz.

 

Liburuaren tituluak zerikusia du kontakizunarekin? 

Bai, ez da zoriz aukeratutako titulu bat. Honek arrazoi bat du, baina ezin dut esan. Irakurtzen baduzu jakingo duzu (barrez).

 

German eta Jakobo, nortzuk dira? 

Oso pertsonaia garrantzitsuak dira, eta hauek abenturan topatuko ditu Leirek, bete-betean. Atarian aipatu dut, daude onak eta txarrak, pelikula tipikoetan bezala. Justu bi hauek talde onekoak dira. 

German pertsonaia iluna da, Leire baino helduagoa da, berrogeita gutxi urte ditu, eta fisikoki oso erakargarria da. 

Jakobo, berriz, gazteagoa da eta German baino erakargarriagoa. Leirek biak ditu gustoko, baina ez dago maitasunik, dago interesa, batik bat Jakoboren aldetik. 

 

El sueño de una lechuza liburuarekin, zer lortu nahi duzu? 

Entretenitzea. Eta sinplea badirudi ere, ez da batere erraza irakurlea entretenitzea, eta hori da nire xedea, irakurleari amaierara heltzeko gogoa piztea. 

Ni hiztuna naiz eta asko idazten dut, baina gero asko laburtzen dut; izan ere, uste dut asko luzatuz gero, haria galtzen duzula. Ez beti noski. Paisajeen deskribapen gutxi erabiltzen dut, iruditzen zaidalako asko aspertzen duela. 

Denetik egon daiteke, gainera erritmoak daude; motelak edo azkarrak. Niri erritmo azkarreko nobelak gustatzen zaizkit. Denboran atzera egiten badugu, ikus dezakegu nola literaturako idazle haundiek denbora ugari zeukaten, eta liburuen kontatzeko modua oso mantsoa zen, oso leuna. Gaur egun ordea, gizartea beste erritmo batera doa, iragarki batek istorio bat kontatzen dit, segundotan; beraz, nire nobelak erritmo azkarrekoak dira. Badituzte deskripzioak eta momentu lasaiak, baina akziora pasatzen dira, eta erritmo biziz kontatzen dira egoerak, dinamismoarekin. 

Erritmoaz gain, amaiera dago. Amaierak oso garrantzitsuak dira literaturan, zinean… amaierak dena zehazten duelako, edo ez. Badaude pelikulak sekulakoak izan direnak, amaiera ederra dutenak. Aldiz, beste batzuk, amaieran ez dute asmatu, eta pelikula hautsi egiten dela iruditzen zait. 

Zinea edo liburua kontsumitzen dutenek ulertuko dute, bidean oso ondo pasa dezaketela, baina beti, amaiera izango dute garunean, puri-purian. Beraz, amaiera oso garrantzitsua da.  El sueño de una lechuza liburuaren kasuan, amaierako sei lerroak ikaragarriak dira. 

Gladiator pelikulako finala adibidez, tristea da, baina aldi berean, oso ederra. Eta guzti honekin ez dut esan nahi amaiera zoriontsua izan behar denik; izan behar du ona, milaka emozio sentiaraziko dizkizuna. Amaierak aho zaporea aldatzen du, dudarik gabe. 

 

Norbaiti zuzendu diozu liburua? 

Justu liburu hau ez. Gainontzeko guztiak norbaiti zuzendu dizkiot, nire gurasoei, lagunei… Ez diot inori dedikatu, baina beti izango ditut nire baitan nire gurasoak, emaztea eta alaba. Liburuan agertzen ez bada ere, haiek dira nire bizitzaren parte eta asko zor diet. 

 

Liburuaren azalak, islatzen du gazte bat eta iluntasuna atzean, ezta? 

Hori da. Azaleko neskak errepresentatzen du Leire, eta leiho haundi bat du aurrean, leihoaren beste aldean, gaua da, eta horrek islatzen du biziko dituen abentura ilunak. 

«Gaur egun ordea, gizartea beste erritmo batera doa. Iragarki batek istorio bat kontatzen du, segundotan; beraz, nire nobelak erritmo azkarrekoak dira, gizartearen erritmoan».


Liburua idatzi aurretik zeneukan ideiak, gaur arte iraun du? Hasierako ideia eta egun liburuak daukana berdina da? 

Ez. Covid garaian hasi nintzen liburuaren ideia sortzen, eta birus batekin lotzen nuen istorioa. Garai hartan, etxeratuta geunden, berrogeialdian. Idazten hasi nintzen, eta Leireri buruz idazten nindoan heinean, sekulako kariñoa hartu nion. Eta hor, inprobisaziotik jo nuen, barruak eskatzen zidana idazten… Bapatean, liburuaren ideiarekin eman nuen, eta ideia honek ez du birus batez hitz egiten. Konturatu nintzen garrantzitsuena neska bera zela. Indar asko zuen pertsonaia baitzen. Eta protagonista ez da perfektua, guztiok bezala bere intseguritateak ditu, ez daki oso ondo nondik jo bizitzan… 

 

Liburu bat idazteak bere prozesua du: ideia bat izan, ideia hori garatu, gero paperean islatu, eta amaitzeko liburu bat idatzi. Zein momentu edo etapa duzu gustukoen? 

Dudarik gabe idaztea da nire pasioa, eta ibilbide luze honetatik idaztearekin gelditzen naiz, hor gozatzen baitut. Nahiz eta zuek, Kronikak erreportaje hau egin, ez zait gustatzen neure burua eta liburua bera ere saltzea. Nire indarra eta ni ederki moldatzen naizen eremua hitzen artean da. 

Sortzea gustatzen zait, eta buruan dudan hori hitzetan plasmatzea. Ordenagailu aurrean jarri eta pertsonaiak sortzea, horietako bat hiltzea, bestea desagertzea, bikote bat guraso bilakatzea… hori ikaragarria da!

 
Nobelaren luzerak zer nolako garrantzia du? 

Nobela baten luzerak garrantzia du bai, baina garrantzitsuena edukia da. Daude oso nobela motzak, ez dutenak irakurlea lotzen edo harrapatzen. Beste batzuk, berriz, oso luzeak dira, baina eduki aldetik zeharo harrapatzen zaituztetenak; eta alderantziz noski. Irakurlea entretenitzen badu,  liburuak egin du bere funtzioa. Niri nobela luzeak irakurtzea gustatzen zait, adibidez;  Los Pilares de la tierra. Eta gertatu daiteke, esan bezala, nobela motz batek harrapatzea. Azkenean ez baita garrantzitsuena luzera, baizik eta edukia. Edukiak harrapatu egin behar zaitu, eta behin harrapatuta, amaierara heltzeko gogoa piztu behar dizu, noski bideaz gozatuz. 

Iritziak jasoko zenituen

Egia esan gustuko dut feedbacka jasotzea, negatiboa izan edo positiboa. Askotan lagunak dira iritzia botatzen dutenak eta iritziak positiboak izan ohi dira. Niri gustatzen zait irakurle denaren iritzia jasotzea. Zinea gustuko duenak, pelikulez jakingo du seguruenik, eta bere iritziaz fidatuko naiz, eta irakurle batekin berdin; asko irakurri duenak, asko daki, esperientzia gehiago du, letra artean. 

 

Zuretzako idazten duzu, edo besteek irakurtzeko idazten duzu? 

Besteek irakurtzeko. Gustatuko litzaidake niretzat idaztea; nik idatzi, nik irakurtzeko. Baina gaur egun ezin dut niretzako idatzi, horrek ez duelako inolako diru-sarrerarik ematen. Beraz, idazten dut besteentzat eta gustura jarduten dut teklaz tekla istorioak sortzen. 

 

Eta etorkizun hurbilerako zer? Istorio berri bat buruan? 

Bai, noski. Egia esan asko dauzkat. Baina ez daukat errepresentaterik eta nik egin behar dut lan guztia. Idaztea asko gustatzen zait, baina  liburu bat saltzeak duen lana, aldiz, ez.

Ideia batzuk oraindik erdi bidean dauzkat, batzuk amaitu gabe, beste batzuk oraindik osatzeko, eta amaitu ez izanaren arrazoiak milaka daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!