«Bestelako jendarte baten aldeko apustua egiten dugu, elkartasunean oinarrituta»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00

Aines del Valle, Axel Aizpiolea, Gorka Navarro eta Txaro Unzilla, Kronikarako elkarrizketan.

2021eko urrian sortu zen Hernani Burujabe proiektua, eta bertan lanean dabiltza Aines del Valle, Axel Aizpiolea, Gorka Navarro eta Txaro Unzilla hernaniarrak. Sozializazio kanpaina jarri dute martxan proiektua ezagutarazteko, eta otsailaren 14an egingo dute hurrengo bilera.

«Hernani eraldatu nahi dugu»; helburu argi horren atzetik dabil Hernani Burujabe. Proiektua aurkeztu zutenetik urtebete pasatxo lanean jardun ondoren, ilusioz gainezka jarraitzen dute taldeko kideek. Herritarrak abiapuntutzat hartuta, bestelako jendarte bat sortzeko ahaleginak egiten dituzte, herri burujabeago bat sortzeko helburuarekin. Funtsean, herritarrek osatutako sare bat da Hernani Burujabe; eta partaide bakoitzak dituen kezkak lantzen dituzte taldean, azalpenen eta eztabaiden bitartez. 

Taldeko kideak dira Aines del Valle, Axel Aizpiolea, Gorka Navarro eta Txaro Unzilla hernaniarrak, eta ilusioz gogoratzen dute proiektuaren sorrera: «Hernani Burujabe sortu genuenean, kezka nagusietako bat zen herri mugimendua parte izatea, instituzioak eta ehun ekonomikoa diren bezalaxe. Kezka horixe zen, herri aktibazio bat sustatzea eta herritarren partaidetza ahalbidetzeko egitasmoak martxan jartzea». Navarrok nabarmendu du ikuspegi komunitariotik eraikitzea zela hasierako asmoa, eta nahiak bere horretan jarraitzen du: «Hernanin hobeto bizi nahi dugu. Dauzkagun arazoei aurre egiteko tresnak herritarrek sortzea da kontua, pertsonak erdigunean jarriz». 

Taldea sortu zenetik hamaika lan esparru identifikatu dituzte, eta, martxa ezberdinetan badoaz ere, abian daude zenbait proiektu. Moneta, energia, telekomunikazioak, elikadura, zaintza, merkataritza, etxebizitza, bioaniztasuna, kultura, lana eta hezkuntza izan dira orain arte landu dituzten alorrak. Guztietatik energiaren gaiean lortu dituzte aurrerapauso nabarmenenak: «Energiaren gaineko lanketak abiadura haundia hartu du. Premiazko gaia da, denon ahotan dabilena, eta garapena erritmo horretan joan da. Enherkom sortu da, bazkidetza kanpaina abiatu da edota pobrezia energetikoari aurre egiteko egitasmoak egin dira», azaldu du Aizpioleak. Txanponaren ifrentzua, aldiz, etxebizitzari lotutako gaietan topatu dute: «Badoa, baina erritmo mantsoago batean. Egoera oso oso premiazkoa da eta beharrezkoa da neurriak hartzea, baina elkarlanean eta ezberdinekin lan egiteak erritmo mantsotzea dakar, kontsentsuak bilatzeko beharra dagoelako. Beste abiadura bat da».

 

«Energiaren gaineko lanketak abiadura hartu du, premiazko gaia delako. Enherkom sortu dugu, bazkidetza kanpaina abiatu da edota pobrezia energetikoari aurre egiteko egitasmoak garatu ditugu»

 

Aipatutako hamaika sektore horietan ikusi eta erabili daitezkeen zenbait proiektu ditu martxan Hernani Burujabek: Hernaniko Ekhi txanponaren erabilera, Enherkom kooperatiba, Herrilur denda, zaintza lanen demokratizazioa, etxebizitza mahai sektoriala, telekomunikazio azpiegituren garapen burujabea landa eremuan eta Sagarreta taldearen sorrera, besteak beste. 

Zabalik daude proiektu guztiak, eta urte honetan zehar egitasmoak gehitzen joatea da taldeak duen asmoa: «Beti daude lanak eta gauza berriak egiteko, egia da ez dela erraza sektore berrietan bideak zabaltzen hastea, baina asmoa lanean jarraitzea da». Navarrok adibide zehatz bat jarri du mahai gainean, Hernani Burujabek urte honetan izan dezakeen erronketako bat dela nabarmenduz: «Kultura esparruan iruditzen zaigu badaudela gabeziak. Sekulako eskaintza dago, baina espazioak behar dira herriko sortzaileentzat». Sormena garatzeko espazioen beharra nabarmendu dute, gazte eta ez hain gazteek eskaintza kulturala osatu eta haunditu dezaten. 

Proiektu zehatz horietaz gain, «zeharlerroak» ere aipatu ditu Unzillak; taldearen oinarrizko baloreak direnak: «Horretan ere lana egin behar dugu. Guretzat oso garrantzitsuak dira euskera, feminismoa eta antiarrazismoa, eta landu behar dugu ideia horiek nola txertatu gure planteamendu eta proiektuetan». 

Sentsibilizazio kanpaina, martxan

Dena aurrera doa pixkanaka, baina zailtasunak topatu dituzte proiektu hauek ezagutarazteko garaian: «Sentsazioa da badagoela laino bat, Hernani Burujabe deitzen den laino bat, baina oraindik ez duela euririk egin, ez duela busti. Badago ilusio bat, zerbait berritzailea sortzen ari denaren sentsazioa, baina falta zaio oraindik beste dimentsio bat hartzea. Dimentsio errealago bat, proiektu gauzagarri eta gauzatuekin».

Proiektua gizarteratzeko zailtasunei aurre egiteko asmotan sortu zen Bidea azpitaldea. «Bideak duen asmoa da proiektua indartzea, baina beti ere herritarren eta komunitatearen ikuspuntutik. Herri mugimenduaren partaidetza ahalbidetzeko ikuspuntutik», azaldu dute. Zenbait ekintza antolatu dituzte orain arte, eta gehiago egiteko intentzioa dutela adierazi du Unzillak: «Orain arte jardunaldi batzuk antolatu ditugu herrian, gai desberdinak lantzeko. Feria bat ere egin genuen aurreko urtean, eta aurrera begira pentsatuta dauzkagu beste jardunaldi batzuk, hemendik gutxira egingo ditugunak». Jardunaldiak iritsiko dira, baina Del Vallek azpimarratu du orain «sozializazio kanpainarekin» dabiltzala buru-belarri.

Jendearengana hurbiltzeko martxan jarri dute sozializazio kanpaina, herritarren atxikimendua lortzeko. Aizpioleak dio proiektua oraindik hastapenetan dagoela, eta aurrerapausuak emateko beharrari erantzuten diola martxan jarri berri duten kanpainak: «Goazen azaltzera herritarrei zertan ari garen, zer den gure proiektuaren oinarria, zeintzuk diren gure helburuak. Iruditzen zaigu aski urgenteak direla kontu asko, eta horri erantzuten dio sozializazio kanpainak. Gure helburua da ahalik eta herritar gehien biltzea proiektu honetan». Unzillak ere aipatu du kanpainak balio haundia duela taldearen helburuak betetzeko: «Iruditzen zaigu asko entzuten dela Hernani Burujabe, baina gero jende pila batek ez dakiela zer den zehazki».

 

«Helburuen barruan dago gazteek ikustea parte hartu dezaketela, eta konturatzea proiektuaren azpian dauden baloreetan zeregin haundia daukatela. Hori ere lortu nahi dugu»

 

Navarrok gizarteko jokamoldeekin lotutako zailtasunak ere identifikatu ditu, herritarren parte-hartzea mugatzen dutenak: «Gaur egungo Hernanin, eta Euskal Herri osoan, kontsumistak gara arlo guztietan. Dena kontsumitzen dugu eta dena eginda egotea nahi dugu. Guk planteatzen duguna, eta zailtasun haundiena daukana, da pentsamolde hori aldatzea; hortxe dago koska. Jendeari kosta egiten zaio ardura eta konpromisoak hartzea, baina garrantzitsua da jakitea gu geu izango garela alternatibaren diseinatzaileak, gu garela mugimendu horren subjektua».  

Unzillak ere nabarmendu du zenbait proiektu martxan egoteak ez duela esan nahi alor horietan lan guztia egina dagoenik: «Gauza batzuk martxan daude, baina taldeak guztiz zabalik daude eta gauza gehiago egin daitezke. Denon arteko parte-hartzearekin askoz ere errazago egingo dira, eta askoz ere herritarragoak bihurtuko dira egitasmo guztiak».

Sozializazio kanpainaren bitartez herriko eragile eta norbanako askorengana iristea da helburua, bakoitzak dituen kezkak eta arazoak taldean lantzeko: «Zuzenduko gara aipatutako pertsona guzti horietara. Gure eginkizuna da orain artean sortu ez dena sortzea. Arazoak identifikatu eta konponbide bat eman ahal izateko». Parte hartzeko modu asko daude, eta bakoitzak erabakitzen du noraino iritsi daitekeen; gainera, jakintza mota guztiak dira balekoak eta lagungarriak: «Oso proiektu zabala da. Ekhilurren bazkideak edota moneta erabiltzen duen pertsona bat Hernani Burujaberen parte da. Bidean parte hartzen duen edonor da proiektuaren parte. Jakintzari dagokionez, norberak ekarriko du zerbait berria proiektura, norberak daukanetik, bizi esperientziatik eta egunerokotik», dio Aizpioleak. Del Vallek gazteei ere egin die erreferentzia: «Gure helburuen barruan dago gazteak ikustea parte hartu dezaketela hemen, eta proiektuaren azpian dauden baloreetan zeregin haundia daukatela gazteek. Hori ere lortu nahi dugu».

Herriko eragileekin elkarlanean 

Hernani Burujabe kontaktuan dago herriko beste eragile sozial, politiko eta kulturalekin. Elkarlanean oinarritu nahi dute eguneroko lana, proiektu puntualetatik abiatuta harreman naturala sortu arte: «Harremana naturala da une askotan. Zeharkako helburuekin lotuta, esaterako, ikusten badugu euskerak zipriztindu behar duela gure proiektua, AEKrekin edo Doberarekin lantzen dugu», azaldu dute. Hala ere, oraindik hobetzeko tartea ere sumatzen dute: «Erronka hortxe daukagu, eta iruditzen zaigu sare bat osatu beharko genukeela».

Navarrok gehitu du irekitasunak ezaugarritzen duela proiektua, eta edozein eragilek duela lekua Hernani Burujaben: «Talde bakoitzak bere ildoa dauka, baina guk gonbidapena egiten diegu iradokizunak egiteko. Sinergiak sortzea da gakoa, beste eragileek egiten duten lana errespetatuz, noski». Bide beretik, Aizpioleak ere elkarlanaren garrantziari erreparatu dio; elkarren arteko errespetuan oinarritutako elkarlanari: «Garbi daukagu talde eragile bakoitzak egiten duena era postitiboan hartu beharreko zerbait dela, ez dela konpetentzia, lehia edo kritika gisa hartu behar. Norberak bere bidea sortzen du, eta bilatu behar dugu zer den batzen gaituena, zer den elkarrekin egin dezakeguna».

 

«Kultura esparruan iruditzen zaigu badaudela gabeziak. Sekulako eskaintza dago, baina espazioak behar dira herriko sortzaileentzat; gazteentzat eta ez hain gazteentzat»

 

Urtebetean egindako lanarekin gustura daude taldekideak

Urte bat eta lau hilabete daramatza martxan Hernani Burujabe proiektuak, eta, orain arteko lana ikusita, balorazio positiboa egiten dute lau kideek.  Unzillak aipatu du, gorabeherak egon diren arren, martxan jarraitze hutsa sekulakoa dela: «Aurrera jarraitzen dugu, etengabe pausuak ematen, gorabeherak izan ditugu, baina jarraitzen dugu. Ilusioa mantentzen dut oso proiektu erakargarria delako eta herriarentzat ona delako». 

Ilusioz betetako hitzak erabiltzen dituzte Navarrok eta Aizpioleak ere. Lehenak aipatzen du «garrantzitsua dela alderdi kualitatiboa, helburuak kualitatiboak direlako. Esku hartzen ari gara, eta gu izango gara protagonistak, hori niretzat sekulakoa da». Bigarrenak, aldiz, bestelako jendarte baten sorrera aipatu du: «Guzti horri gehitu behar zaio sistema kapitalistak duen bonbardeo konstante horren barruan, eta indibidualizaziorako dagoen joera horren aurrean, badagoela kolektibotasuna eta elkartasuna. Bestelako jendarte eredu baten aldeko apustua dago proiektu honen azpian». 

Zalantzan dauden herritarrei bidali nahi izan die azken mezua Navarrok, parte hartzera gonbidatzeko: «Esango nieke Hernani Burujabek ematen diela aukera protagonista izateko, eta hori niretzat asko da. Ibilbide bat elkarrekin egiten da, Hernanirentzat eta komunitatearentzat onurak lortzeko. Konpromezua eskatzen du baina gauza oso politak jasotzen dira. Etortzeko esango nieke».

Otsailaren 14an egingo dute hurrengo talde bilera, guztiz irekia da parte-hartzea, eta informazio gehiago eskuratu nahi duten herritarrek hernaniburujabe@gmail.com helbidera idazteko aukera dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!