Iñigo Legorburuk idatzi du Touringen mendeurreneko ereserkia

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 2a, 00:00

Talde errenteriarrak 100 urte bete ditu aurten, eta ospakizunetan dabil. Hernaniarrak idatzi du ereserkiaren letra.

Errenteriako Touring K.E. futbol taldea mendeurrena ospatzen ari da aurten, eta Iñigo Legorburuk jarri dio letra, klubaren 100 urteak ospatzeko ereserkiari. Pasa den ostiralean eman zuen Errenteriako taldeak, 2023 urtean egingo dituen ospakizunen berri, Real Sociedad edo Gipuzkoako futbol federazioko ordezkariak ere han zirela.

Legorbururen hitzetan, «direktibakoek lurrari lotutako ereserki bat nahi zuten, futbolariak zelaira irteten diren unean entzun eta motibatu daitezen partiduari ekiteko». Eta hala, hainbat aukera pentsatu eta aztertu ondoren, «inguruneari, koloreei eta batez ere herritartasunaren balioei erreferentzia egitea erabaki genuen; jendea batzen duten gauzak, azken finean».
Melodia Aitor Mitxelenak konposatu du, Errenteriako Musika Bandak jarri dio musika, eta ahotsa Andra Mari Abesbatzak. Errenteriako Lekuona Fabrikan estreinatu zuten ereserkia, joan den ostiralean; eta lehen unetik arrakasta izan duela dirudi: «batzuk negar-malkotan etorri ziren hunkituta eskerrak ematera», kontatu du Legorburuk.


Ereserkia: 'Touring, bihotz gorri eta urdin'

Gorriaren indarraz eginda aurrera

zeruaren urdinez hura ukitzera

neska-mutilen lanaz harro sentitzera

Gora Touring! Oihuka, guztiok batera.

 

Langileon herria da Errenteria

lanabesak Lartzabal eta Fanderia

mendeetako ikur: lana, izerdia

taldetik haragoko, gu garen sendia!

 

Urdabururen xarma Oiartzun ibaian

sendotasun bihurri bat gure paisaian

balioak sustatuz lehiaren garaian

bizipoza nagusi den joko-zelaian

 

Langileon herria da Errenteria

lanabesak Lartzabal eta Fanderia

mendeetako ikur: lana, izerdia

taldetik haragoko, gu garen sendia!

 

Gora Touring! Ozen bat gure aldarria

itsaso izan ginen haien egarria

historiako xendan denok ekarria

herriak taldea ta taldeak herria!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!