Ordenantza fiskal progresibo berria onartu du Hernaniko Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 2a, 00:00
Plenoan ordenantza berria azaldu zuen Udal Gobernuak.

EH Bilduk eta EAJk proposamenaren alde bozkatu zuten, eta PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek aurka.

Hernaniko Udaleko Plenoak ordenantza fiskal berria onartu zuen asteartean, prezio publikoak herritarren ahalmen ekonomikora egokitzeko. Udal Gobernuak azaldu zuenez, «azken helburua da zerbitzu publikoak herritar guztien eskura jartzea, eta inor ez geratzea kanpoan, ezin dituelako ordaindu. Ordenantza berri honek, halaber, egoera sozial berrira egokitu eta egoera ahulenetan dauden pertsonei lagundu nahi die». EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zen, eta PSE-EEren eta Podemosen aurkako botoekin.

Ordenantza honen berritasuna da, zenbait zerbitzu publikoren prezioak eta tasak egokitzen direla bizikidetza-unitateen ahalmen ekonomikora eta horrek dituen ondasunenetara. Helburua da irizpide bidezkoa eta progresiboa aplikatzea, tarifa murriztuen bidez, honako zerbitzu hauek ordaintzeko: kiroldegiko urteko abonua, aisialdiko igerilekuetako adingabeen abonua, musika eskola, Biteriko ikastaroak, udalekuak eta Haurreskolako jantokia.

Tarifen murrizketak %90, %75 eta %50ekoak izan daitezke. Prezio murriztu hauen onuradun izateko, baldintza orokorrak hauek dira: Hernanin erroldatuta egotea gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin, eta Udalarekin zorrik ez izatea. Erroldatuta egoteko eskakizuna izan zen PSE-EE eta Podemosen aurkako botoen arrazoia. 

Hiru irizpide izango dira murrizketak ezartzeko: bizikidetza unitatearen kide kopurua, diru-sarrerak eta ondasunak.

 

Onartuta, «euskeraren aurkako eraso judizialaren aurrean» aurkeztutako mozioa

Plenoan, bestetik, onartu zuten «euskeraren aurkako eraso judizialen aurrean» EH Bilduk aurkeztutako mozioa, EH Bilduren, EAJko hiru zinegotziren eta Podemosen aldeko botoekin. PSE-EE abstenitu egin zen, eta baita EAJko zinegotzi bat ere. Barakaldoko Udaleko kontratazioetako baldintzetako bati dagokionez, «epaileek errefusatu egin dute sektore publikoak azpikontratatutako enpresa bateko langileei euskeraz jakitea eskatzea». Lasarte-Orian eta Irunen ere gertatu dira hantzeko epaiak, eta «eraso» horien aurrean aurkeztu zuten mozioa. 

Gainera, bake epaile titularra eta ordezkoa izendatu zituzten Plenoan. Bi hautagai zeuden, eta Xabier Iradi aukeratu zuten titular, bozketan. Aitor Aranburu izango da ordezkoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!