Urtebete inguruko ibilbidea daramaki Sagarreta taldeak, eta dagoeneko burutu dituzte hainbat ekintza, ingurumenaren mesedetan. Baina ofizialki eratu gabe aritu da orain arte, eta elkartea sortu eta erroldan inskribatzea erabaki dute, «gure helburuak betetzeko lagungarri izango delakoan». Hori horrela, batzarra egingo dute gaur, otsailaren 1ean, Sagarreta Natur Taldea eratzeko, irabazi asmorik gabeko elkarte gisa. Arratsaldeko 18:00etan izango da batzarra, Iturola Elkarlan Sorgunean (Florida auzoa 28). Helburu zehatzak markatu ditu Sagarreta Natur Taldeak: Hernaniko eta Urumea bailarako ondare naturalaren eta bioaniztasunaren kontserbazioaren eta hobekuntzaren alde jardutea, eta Hernaniko herrian ingurumenaren alde aritzea.