Pasa den urtarrilaren 19an, Andeetan, Fritz Roy mendia eskalatzen ari zirela erori eta desagertu egin ziren Amaia Agirre urnietarra eta Iker Bilbao abadiñoarra. Datorren larunbatean, arratsaldeko 17:00etan hasita, agur ekitaldia egingo diote Amaia Agirreri, Urnietako San Joan Plazan.
Fitz Roy mendia eskalatu ostean izan zuten istripua eta elur-jauzi batek harrapatu zituen Amaia Agirre eta Iker Bilbao. Ekitaldiaren helburua, bere jaioterriak familiari elkartasuna eta maitasuna adieraztea izango da, Amaiari agur esatearekin batera.
Lore eskaintza bat egingo diote, baita agur dantza bat ere. Hurbileko zenbait pertsonak hitza hartzea espero da: familiako kideek, Amaiaren lagunek, Egape ikastetxekoek, herriko mendizaleek… Andoaingo musika eskolako abesbatzak kanta bat ere abestuko du.
Azkenik, ekitaldiaren antolatzaileek omenaldira agertzeko gonbitea luzatu nahi diete herritar eta mendizale guztiei.