Enherkom kooperatibak eta Hernaniko Udalak Energiaren Udal Bulegora, Gabriel Zelaia eraikinean, hubiltzera deitzen ditu herritarrak, energia fakturak sortzen dituen kezkak argitzeko. «Negua heldu da eta fakturek ikaragarrizko gorakada izan dute. Etorkin familia batean 900 euroko faktura ikusi dugu eta egoera horiek sahiesteko gomendatzen dugu bulegora etorri eta faktura begiratzea kontratua aldatzeko».
«Lehenengo ikusi behar dena da merkatu librean ala erregulatuan dugun kontratua», aipatzen du Enherkom-eko Fermin Arruabarrenak. Zenbatean ordaintzen den kilowatioa eta zenbat kontsumitzen den. «Hiru aldiz gehiago ordaintzen ari da jende asko. Energia kontsumo haundiena orain egiten da eta otsaileko faktura beldurgarria izango da askorentzat. Hori aldatu daiteke eta 400 euroko faktura bat 140 euroan geratu daiteke».
Energia Bulegoan, Enherkom kooperatibako kideek argi dute. «Hurbildu bulegora, aurretik zita hartuta energia@hernani.eus helbidean edota 943 33 70 22 telefono zenbakian. Aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute eta kontratua ere aldatu daiteke merkaturatzailearekin. Guk horretan lagundu dezakegu. Egoera oso kezkagarriak ari gara ikusten energia fakturek sortuta. Azken faktura ekarri eta zer egin daitekeen ikusiko dugu».
Asteartetan eta ostegunetan, (10:00-13:00 eta 15:00-18:00) hurbildu daitezke herritarrak bulegora eta asteazkenetan, 15:00ettaik 18:00etara.
Egin diren kontsulten ondorioz herritarrek fakturetan aurreztu duten batez bestekoa %25a izan da eta orain neguan datu hori haunditzen ari da. Kontsulten ondoren bonu soziala eskatzeko baldintzak betetzen dituztela ohartu direnak ere badaude.
Mattin Aldaia Ingurumen alorreko zinegotzi delegatua ere izan zen azalpenak ematen, Fermin Arruabarrenarekin batera. «Dei egiten diegu herritarrei hurbiltzera eta aholkuak jasotzera. Jende asko ari da sufritzen energiaren prezioen gorakadaren eraginez».