Erdi Aroko herria ezagutzeko aukera eskaintzen du Hernani Hiribilduaren bisita autogidatuak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 00:00

'Hernanihiribildua.eus' webgunera sartu zen, QR- bidez, Xabier Lertxundi.

Bisita gidatua aurkeztu dute Hernaniko alkate Xabier Lertxundik eta Turismo Arloko ordezkariek. Lertxundik azaldu duenez, «bisita honen helburua da Hernani Erdi Aroko hiribildua balioan jartzea eta ezagutaraztea hernaniarrei».

Hernani hiribildua bisita gidatua aurkeztu zuten atzo Hernaniko alkate Xabier Lertxundik eta Turismo Arloko ordezkariek. Lertxundik azaldu duenez, «bisita honen helburua da Hernani Erdi Aroko hiribildua balioan jartzea eta bai hernaniarroi bai bisitariei gure herriko garai hartako historia, ondarea eta pasarteak modu atsegin batean hurbiltzea. Ibilbide autogidatu bat da, norberak bere kabuz edo taldean egin dezakeena...».

Hernaniko herriaren historiari lotutako bederatzi leku esanguratsuetatik igarotzen da ibilbidea: San Agustin komentua, Plaza Berria, Beroitz Etxea, Dorretxea, San Joan Eliza, Udala, Andre Kalean sagardoa, Arkua Hernaniko harresia eta Portalondo. www.hernanihiribildua.eus webgunetik ere egin daiteke ibilbidea.

Izan ere, Hernani Erdi Aroko hiribildu bat da, hainbat mendetako historia eta ondare historiko eta artistiko garrantzitsua jasotzen duena. Eta, horregatik, Hernaniko hirigune historikoa Kultura Ondasun deklaratua dago, Monumentu Multzoaren kategorian.

«Urteak joan urteak etorri, istorio batzuk beste batzuen gainetik jarri direla dirudi, garai bateko herri harresitua ia ikusezin bihurtzeraino. Horregatik, Udalaren konpromisoa gure ondarea zaintzea eta balioan jartzea izan da beti eta horretarako hainbat ekimen abiatu ditugu», erantsi du alkateak.

Patxi Ibarguren Turismo Arloko zinegotziak gogora ekarri duenez, «2020 urtean hasi ginen bisita gidatuak eskaintzen eta urte osoan zehar eta nahieran egin ahal izateko, bisita gidatu hura egokitu eta euskarri digital batean jasotzea aukera egokiena zela ebatzi genuen. Pandemian zehar aritu ginen edukia lantzen. Batetik, turismo alorrean eskarmentu haundia duen Bo5t talde grafikoarekin, eta, bestetik, udal artxiboa eta Turismo Arloarekin».

Herriari buruzko lehen erreferentzia dokumentala 1380koa da. Erdi Aroko herria Urumea ertzean kokatu zen, kasko batean, «Gipuzkoako kostaldea eta barruko aldea lotzen zituen bide nagusietako batean. Hiribildua izan zen eta, mugatik hurbil zegoenez, arma plazatzat hartu zen, sortu zenetik Gipuzkoaren historiarentzako oso garrantzitsua izan zela», azaldu du Ibargurenek.

 

QR-a, ibilbideko guneetan eta 'hernanihiribildua.eus' webgunera salto

Bederatzi leku esanguratsu bakoitzean plaka moduko bat ipini da QR batekin eta bertatik www.hernanihiribuldua.eus webgunera egin daiteke salto. Bo5t taldeko Jaione Irazuk eman du webgunearen inguruko zehaztasunen berri; zeintzuk diren edukiak eta erabiltzeko moduak  azaldu ditu. «Bederatzi geldiune daude. Hasiera Zinkoenean dago. QR bidez iristen da edukira. Mapa bat dago. Bertatik, testua irakurtzeko edota entzuteko aukera dago. Pasarteak edo historia kontatzen da bertan».

Kontakizuna bost hizkuntzetan dago: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez. Webgunearekin batera, Erdi Aroko hiribilduaren informazioa ematen duten eskuorri batzuk ere badaude eta info puntuan zein Biterin jasotzeko aukera dago.

 

Zinkoeneako turismo informazio puntua ostegunetik irekita

Horrez gain, etzi, ostegunean Zinkoeneako informazio puntua zabalduko da. Ordutegi berria eta bisita gidatua egiteko aukera izango da. Irazuk argitu duenez, «eragileek bisita gidatua egiteko aukera dute urte osoan: zerbitzu hori martxan jarri zenetik, AEK, AMHER eta Aratz ikastolak egin dute. Eragile guztiok animatzen ditugu aukera hori aprobetxatzera». Horretarako, Turismo Arloko arduradunekin harremanetan jarri behar dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!