30-27 emaitzarekin, Barrenetxea garaile

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 00:00

Ezkurra II menderatu zuen hernaniarrak larunbat arratsaldean, eta ondo hasi du Buruz Buruko Masterra. 

Larunbatean jokatu zuen Barrenetxea IV.ak Kutxabank Masterseko txapelaren defentsa, Josetxo Ezkurra doneztebearraren aurka. Eta erremontista hernaniarrak Ezkurra II.a mendean hartu zuen, 30-27 emaitzarekin. Honela, Barrenetxeak ligaxkako lehenengo lau puntuak lortu ditu, eta Ezkurrak, berriz, bi. 

Emaitzak ligaxka oso irekita uzten du, izan ere, bi erremontistek dute finalera iristeko aukera, baina Barrenetxeak lortutako garaipenarekin aurrerapausu haundiak eman ditu, behin betikoak ez badira ere.

Orokorrean, partidu ederra izan zen, ia hutsik egin gabe peloteatu baitzuten. Atzelari hernaniarra gehiago arriskatu zuen eta zorrotzago aritu zen, beraz, horrek bultzatu zuen garaipenera.

Ezkurrak ezin izan zuen partidua berdindu, nahiz eta partiduan ederki aritu, Barrenetxeak bost puntuko aldea atera zion tanto askotan: 7-2, 11-6 eta 20-15. Hala ere, Ezkurra bat edo 2 tantora hurbiltzen zen, zenbait jokalditan: 7-5, 11-10, 22-20, 24-23, 26-25 eta 28-27.

Partidua gogorra izan zen, baina zaletuak gustura egon ziren, buruz buruzkoaz gozatzen. Barrenetxeak guztira 22 tanto egin zituen peloteoan, zazpi saketan, hiru falta saketik eta hiru huts peloteoan. Erremontista doneztebearrak, berriz, 15 tanto egin zituen peloteoan, sei sakearekin eta huts bakarra egin zuen, peloteoan.

 

Ansak IIa eta Ezkurra II.a, aurrez aurre

Hurrengo Kutxabank Masterseko txapelketako partiduan Ansa IIak Ezkurra II.aren aurka jokatu du. Ezkurraren garaipen batek, dena kolokan jarriko luke azken jardunaldirako, baina Ansaren garaipen batek, berriz, Ezkurra Masters txapelketatik kanpo utziko luke, automatikoki.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!