Ane Kerejeta eta Enara Macicior txapeldun jubeniletan, Euskal Herriko Kluben Artekoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 00:00

Ogetako finaletan aritu ziren zazpi palista hernaniarrak. Erdian, txapela jantzita, Ane Kerejeta eta Enara Macicior.

Hernaniarrek 15-7 menderatu zuten Larraun finalean, jardunaldiko partidu guztiak irabazi ondoren, Gasteizen. Amaia Irazustabarrenak eta Maider Huizik, aldiz, galdu egin zuten nagusien mailako finala, Su Berri taldearen kontra.

Hitzordu seinalatua zeukaten larunbatean, Gasteizko Ogeta frontoian, palista hernaniarrek. Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketaren finalak jokatu zituzten bertan, Hernaniko hiru talde tartean zirela; eta txapelarekin bueltatu ziren Ane Kerejeta eta Enara Macicior jubenilak.

Final laurdenak, semifinalak eta finala jokatu zituzten jubeniletan, eta Hernaniko bi talde aritu ziren: Hernani A (Macicior eta Kerejeta) eta Hernani B (Irati Miner, Maddi Iriondo eta Joana Tolaretxipi). Biak sailkatu ziren semifinaletara, final laurdenetako partiduak irabazita: Maciciorrek eta Kerejetak 20-11 menderatu zuten Txulobi, eta Iriondok eta Tolaretxipik 20-19 Olarreta.

Semifinaletan, berriro erakutsi zuten bere nagusitasuna Maciciorrek eta Kerejetak, eta 15-6 gailendu ziren, Joko Alairen kontra. Tolaretxipik eta Minerrek, ordea, galdu egin zuten Larraunen kontrako semifinala (15-8), eta finaletik kanpo geratu ziren. Bi taldeek eman zioten bukaera polita txapelketari, ordea. Maciciorrek eta Kerejetak txapela jantzi zuten, Larraun 15-7 menderatu ondoren; eta Iriondok, Minerrek eta Tolaretxipik hirugarren postuan bukatu zuten, Joko Alairi irabazita (15-11).

Nagusien mailan, berriz, finala jokatu zuten Amaia Irazustabarrena eta Maider Huizi hernaniarrek, Su Berriko Leire Galdosen eta Maider Mendizabalen kontra. Eta ezinean aritu ziren, kontrarioen nagusitasunaren aurrean. Maila bikainean aritu ziren Galdos eta Mendizabal, lan haundia eman zioten Huiziri atzean, eta jokoan sartu ezinik ibili zen Irazustabarrena. Azkenean, 20-30 galdu zuten hernaniarrek.

Bestalde, Gipuzkoako Txapelketan, final laurdenetara sailkatu da Ander Arandia hernaniarra, banaka zazpi barruan, nagusien bigarren mailan. Final zortzirenetan, 25-19 nagusitu zen, larunbatean Hernaniko frontoian, Lagunak taldeko Conderen kontra.d

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!