Maila ederrean berriro Pasaian, neska infantil eta promesen batelak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 00:00

Maila bikaina erakutsi zuten, beste behin, Hernaniko batelek.

Berriro irabazi zuten Hernaniko neska infantilek, eta bigarren sailkatu ziren neska promesen mailakoak.

Bi asteko itxaronaldiaren ondoren, larunbatean jokatu zuten Gipuzkoako Batel Ligako bigarren estropada, Pasaian. Baina etenaldiak etenaldi, liga hasi bezala eman zioten jarraipena Hernaniko batelek: ziztu batean, bereziki neska infantilen eta promesen mailetan.

Garaipena lortu zuen Hernani A taldeak, berriro ere, neska infantiletan. 5:12 denboran osatu zuten estropada, eta bost segundutik gorako tartea lortu zuten Tolosaldearekin. Hernani B bosgarren izan zen, 5:29 eginda.

Neska promesetan, berriz, bigarren izan zen Hernani A batela, 7:51 denborarekin, Tolosaldea irabazleak baino sei segundu gehiago. Bederatzigarren sailkatu zen Hernani B (8:15).

Oso maila polita eskaini zuten Hernaniko neska jubenilek ere, eta hirugarren izan ziren (10:40). Eta neska absolutuetan, Hernanik (11:00) ezin izan zuen Donostiarraren bi batelekin, eta hiru batelen artean azkena izan zen. Mutil absolutuen batela ere uretaratu zuen Hernanik oraingoan: azkeneko postuan bukatu zuten haiek ere, bederatzi batelen artean, 10:21 denborarekin.

Gainerakoan, mutil infantilen estropadan, seigarren izan zen Hernani (6:42), talde mixtoa osatuta, bederatzi batelen artean. Mutil promesak zortzigarren izan ziren (7:58).

Datorren larunbatean jokatu­ko dute ligako hirugarren estro­pada, bosgarren jardunaldiari dagokiona: arratsaldeko 14:00etan izango da, Errenterian.

Beñat Odriozola Sevillan, Espainiako selekzioarekin

Bestalde, Beñat Odriozola Aranburu arraunlari hernaniarrak aurreko aste osoa eman zuen Sevillan, Espainiako selekzioarekin. Kontzentrazioa antolatu zuen selekzioak, urtarrilaren 23tik 29ra, La Cartujako errendimendu haundiko egoitzan; eta bertan izan da Hernaniko Arraun Elkarteko kidea, arraun egokituko taldearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!