Liderraren aurka garaipen ederra Euskal Ligako neskek, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 00:00

Hernaniko neskek 3-2 garaitu zuten talde liderra, etxean.

Mutilek, ordea, porrota jaso zuten Uni Rioja talde errioxarraren kantxan (3-0). 

Asteburuan jokatutako partiduetan, emaitza gazi gozoak lortu dituzte hernaniarrek. Euskal Ligako neskei dagokienez, Getxoren aurka jokatu zuten etxean, eta norgehiagoka gogorra eta luzea izan bazen ere, etxekoek emaitza ederra lortu zuten Getxo irabaziz: 3-2. Hasierako minutuetan, Getxok aurrea hartu zion Hernaniri, 0-1 eta 1-2 jarriz; baina azken txanpan etxekoek indarrak hartu zituzten, eta 2-2 berdindu ondoren, bosgarren jokoa ere Hernanik irabazita, 3-2 ko garaipena lortu zuten etxeko neskek. Partiduak ondorengo tanteoak izan zituen: 22-25, 18-25, 25-21 eta 15-5; beraz, bistakoa da gogorra izan zela, eta Hernaniren garaipena goraipatzekoa izan zen, izan ere, Getxo liderra garaitu zuten.

Euskal Ligako mutilek, ordea, txanponaren beste aldea tokatu zitzaien; 2023a porrotekin hasi dute, oraindik garaipenik ezagutu gabe. Asteburu honetan, irabazteko aukerak bazituzten ere, Errioxako Ojaconecta Uni Rioja izan zen garaile. Aurreneko minutuetatik, bisitariak izan ziren partiduaren jaun eta jabe; eta etxeko taldeak ez zuen jakin Errioxa garaitzen. Lehenengo bi jokoetako puntuek argi uzten zuten (25-17 eta 25-18) Errioxako taldea nagusi izan zela kantxan. Hirugarren jokoan, berriz, etxekoak estu hartu zituzten, baina 26-24 amaitu zen jokoa, Uni Rioja irabazle izanik. Beraz, 0-3 amaitu zen norgehiagoka, Hernanik porrota jasota. Orain, bi aste dauzkate Hernaniko mutilek, hurrengo partidua prestatu eta urteko lehenengo partidua irabazteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!