Munduari begira jarriko da Hernani berriro, Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 30a, 00:00
Luz Estella Romero abokatua izango da hizlarietako bat, aurtengo zikloan.

Bigarrenez antolatu dute 'Hernani munduari begira' zikloa, eta hitzaldi, emanaldi eta erakusketa ugari izango dira Kulturarteko Plaza Feministan, otsailetik apirilera. Ostegunean hasiko da, Kolonbiako gatazka armatuari eta bake prozesuari buruzko saioarekin.

Bigarren edizioa izango du, otsailetik apirilera, Hernani munduari begira zikloak. Hernaniko Udaleko Lankidetza Sailak antolatu du, Kooperazio Taldearekin elkarlanean; eta hitzaldi, erakusketa eta emanaldi ugari izango dira datozen asteotan, Kulturarteko Plaza Feministan.

«Ekimen honen helburua da gure herriaren errealitatetik begirada altxatzea, mundu zabaleko gertakari, esperientzia eta bizipenetatik ikasteko», nabarmendu dute antolatzaileek. Horrela, aurtengo zikloko saioen bitartez, ezagutzera emango dituzte Kolonbiako bake akordioak, Venezuelako komunen mugimendua, abortatzeko eskubidearen egoera Hego Amerikan, Congoko errealitatea, ekofeminismoa edota emakume palestinar errefuxiatuen egoera, besteak beste.

Datorren ostegunean hasiko da Hernani munduari begira zikloa, otsailaren 2an. Kolonbia izango dute jomuga, bertako gatazka armatuaz eta bake prozesuaz aritzeko, 18:30etan hasita. Bikoitza izango da hitzordua, gainera: batetik, inauguratuko dute Mujeres firmantes del acuerdo de paz erakusketa, otsailaren 25era arte ikusgai egongo dena; eta bestetik, gaian gehiago sakontzeko, eskainiko dute Mujeres excombatientes de FARC-EP dokumental laburra.

Larunbatean bertan izango da bigarren saioa, Venezuelari buruzko hitzaldiarekin. Komunen mugimenduaz ariko da Angel Prado, El Maizal komunako kide eta Simón Planas udalerriko alkate dena. Goizeko 11:00etan izango da hitzaldia.
 

Bi libururen aurkezpena, martxoaren bukaeran

Aste honetako hitzorduen ondoren, otsailaren bukaeran bueltatuko da zikloa, Kolonbiako bake prozesuari buruzko hitzaldi batekin. Ekintzaz lepo etorriko da martxoa ere. Hileko aurreneko egunetan izango dira bi hitzaldi, eta El Salvadorren abortu delitua egotzita espetxeratutako emakumeen omenezko dokumental eta dantza emanaldia. Eta bi libururen aurkezpenarekin borobilduko du­te hilabetea. Batetik, Quijote en el Congo aurkeztuko du Xavier Aldekoa kazetariak, liburuaren egileak, martxoaren 24an. Eta bestetik, Manual ecofeminista contra el poder corporativo liburuaren nondik norakoak azalduko ditu Julia Martí ikerlari eta aktibista ekofeministak, hilaren 28an; Maite Mentxakarekin batera idatzi du liburua Martík.

Eta hasi bezala, erakusketa batekin amaituko da zikloa. Api­­rilaren 3tik 28ra egongo da ikus­gai Ahlam: bizitza batekin amestuz, Libanoko emakume pa­lestinar errefuxiatuen istorioak biltzen dituen erakusketa. Baina hilaren 20an egingo dute erakusketaren aurkezpena, bertsolari baten laguntzaz; eta mokadutxoa ere izango da ondoren.

'HERNANI MUNDUARI BEGIRA' ZIKLOA
Kulturarteko Plaza Feministan

Otsailak 2, Erakusketaren irekiera: 'Mujeres firmantes del acuerdo de paz: pilar de la reincorporación y la lucha por la paz en Colombia'. Eta film laburra: 'Mujeres excombatientes de FARC-EP'. 18:30etan, gaztelaniaz. J.A. Freytter Romero Elkarteak antolatuta.

Otsailak 4, Venezuelari buruzko hitzaldia: 'La ruta de Chávez: ¡Comuna o nada!'. Hizlaria: Angel Prado (El Maizal komunako kidea eta Simón Planaseko alkatea). 11:00etan, gaztelaniaz.

Otsailak 23, Kolonbiako bake prozesuari buruzko hitzaldia: 'Paz total y procesos de paz en Colombia'. 11:00etan, gaztelaniaz. J.A. Freytter Romero Elkarteak antolatuta.

Martxoak 2, Hitzaldia: 'Ekofeminismoa eta giza eskubideak; Kolonbiako Caribe eskualdeko biktimei bidelaguntza'. Hizlariak: Luz E. Romero (giza eskubideetan aditua den abokatu feminista) eta Lerber Dimas V. (antropologoa, ikerlaria eta unibertsitateko irakaslea). 18:30etan, gaztelaniaz.
J.A. Freytter Romero Elkarteak antolatuta.

Martxoak 6, Dantza ikuskizuna eta dokumentala: 'El Salvadorren abortu delitua egotzita espetxeratutako emakumeen omenez'. 18:30etan, elebitan.

Martxoak 7, Hitzaldia: 'Abortu eskubidearen aldeko borrokak Latinoamerikan'. Hizlaria: Ana María Palacios (abokatu feminista). 18:30etan, gaztelaniaz.

Martxoak 24, Liburu aurkezpena: 'Quijote en el Congo'. Hizlaria: Xavier Aldekoa (kazetaria eta liburuaren egilea). 18:00etan, gaztelaniaz.

Martxoak 29, Liburu aurkezpena: 'Manual ecofeminista contra el poder corporativo'. Hizlaria: Julia Martí (ikelari eta aktibista ekofeminista, eta liburuaren egilea, Maite Mentxakarekin batera). 18:30etan, gaztelaniaz.

Apirilak 20, Erakusketaren aurkezpena: 'Ahlam: bizitza batekin amestuz. Libanoko emakume palestinar errefuxiatuen istorioak'. 18:30etan, euskeraz. UNRWA Euskadik antolatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!