Nabari zen Biteri kultur etxean, atzo goizean, berezia zela eguna. Urduritasunak eta pozak, biek egin zuten bat, ekitaldia hasi aurretik ere. Lepo bete zen areto nagusia, beste urte batez, Mundu berri bat guztiontzat bideoklip sortaren aurkezpenean. Hirugarren bilduma da, Bizipoza Elkarteak osatu duena; eta azkenekoa izango da, oraingoz.
Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten 36 elkartek osatzen dute Bizipoza, eta bilduma bakoitzean, dozena bat abesti eta bideoklip sortu dituzte, elkarte horietako bakoitzari bana eskainita, bere jarduera eta egitekoa ezagutarazteko.
Atzokoan proiektatu zuten, esate baterako, Pausoka elkarte hernaniarraren bideoklipa. Eli Pagola ereñotzuarrak osatu du abestiaren letra, Elkarrekin jolasten izenburua duena; eta Sergio Ordoñez Patxukok eta Ainhoa Larrañaga hernaniarrak jarri diote ahotsa.
Bizipoza Elkarteko bi boluntariok, Erlantzek eta Nereak, eman zioten hasiera ekitaldiari: «Hasiko al gara guztion artean mundu berri bat eraikitzen?», galdetu, eta egitasmoari buruzko abesti bat eskaini zuten. Ondoren, Joxe Mari Agirretxe eta Amaia Elizondo aurkezleek hartu zuten hitza, eta Bizipozako talde eragileko kideak igoarazi zituzten taula gainera. Haiek adierazi zuten, «proiektu txiki izatetik, oso oso haundia izatera» pasa dela, eta «elkarlana» izan dela «hau guztia definitzen duen hitza». Gainera, nabarmendu zuten «800 pertsonatik gora» aritu direla bideoklipen lanketan. Zentzu horretan, gogorarazi zuten «guztiok elkarrekin aurrera egitea askoz ere errazagoa» dela, eta bide horretan jarraitzeko dei egin zuten.
Launaka proiektatu zituzten bideoklipak ekitaldian; eta aurrenekoa Marea Urdina elkartearena zela aitzakia hartuta, olatuak egiten aritu zen publikoa, emanaldiari hasiera emateko. Bideoklipen tartean, musika emanaldia eskaini zuen Kai Nakaik ere, eta taula gainean izan ziren, era berean, proiektuan parte hartu duten sortzaileak, babesleak, elkarteetako ordezkariak, Hernaniko Udaleko ordezkariak... Egitasmoaren garrantzia goraipatu eta bere poza azaleratu zuten denek, parte hartu izanagatik. Xabier Sukia telebista aurkezle eta bertsolariak laburbildu zuen egungo errealitatea: «lehen, nik ez nituen ezagutzen elkarte hauetako asko; eta kalera atera eta galdetuko bagenu zer den Bizipoza eta zer diren bera osatzen duten elkarteak, erantzuna ez litzateke izango guk nahi genukeena. Baina gero eta hobeto gaude, eta izugarria da Bizipoza egiten ari den lana, ikusezintasuna gainditzeko, eta errukia zena enpatia izateko».