Ezin hobeto hasi du bigarren fasea Hernanik, Oviedoren kontra tanto bakar bat ere jaso gabe

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 29a, 00:00

Anartz Elosegi hernaniarra, jokoa zabaltzen, atzoko partiduan.

Trikoloreek 19-0 menderatu zuten talde asturiarra, eta dagoeneko bideratuta utzi du ligako garaile izatea, fase honetako A multzoan.

Iazko denboraldiaren bide bera hartu du aurtengoak, Hernanirentzat, Ohorezko B Mailan. Igoeraren lehiatik kanpo geratu ondoren, erraz nagusitu ziren trikoloreak bigarren faseko A multzoan, gainerako taldeak baino hainbat koxka gorago zegoela erakutsiz. Eta beste horrenbeste egingo du aurten, itxura guztien arabera.

Atzo arratsaldean jokatu zuen Hernanik bigarren faseko estreinako partidua, Landaren, Oviedoren kontra; printzipioz, kontrario gogorrena behar duena. Eta erabat nagusi izan ziren trikoloreak, lokaztutako berdegune zailean: tanto bakar bat ere ez zuten jaso, eta 19-0 irabazi zuten, hiru entsaiorekin.

Hasi eta berehala lortu zuen aurrenekoa Oier Garmendiak, Jokin Oleak transformatu zuena, taldeari lasaitasuna emateko (7-0). Kamuts utzi zituzten asturiarren saiakerak, eta 10 minutuz bat gutxiagorekin aritu ondoren, atsedenaren aurretik lortu zuten bigarren entsaioa, Adrian Sanchezen eskuetan. Beñat Arizetak transformatu zuen hori, ordezko gisa zelairatu eta gutxira (14-0). Aldageletatik bueltan, berehala lortu zuen hirugarrena Anartz Elosegik (19-0), eta tantorik gabe igaroko zuten azkeneko ordu erdia, garaipen argia kontrolpean zutela.

Atzo lortutako bost puntuekin, 32 dauzka Hernanik orain, bigarren faseko A multzoan; eta dagoeneko, 14 punturen aldea dauka Oviedorekin, Uni Bilbaorekin eta Gaztedirekin. Hortaz, bost partidu falta direnean, Hernanik dagoeneko bideratuta dauka multzoko garaile izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!