Sagarreta Natur Taldea elkarte gisa eratzeko batzarra egingo dute asteazkenean, Iturolan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 29a, 00:00
Sagarreta taldeko hainbat kide, Urumea ibaiaren garbiketaren egunean.

Ofizialki eratuko dute, 18:00etan, irabazi asmorik gabeko elkarte bezala. Bere helburuekin bat egiten duen edonork hartu dezake parte.

Urtebete inguruko ibilbidea daramaki Sagarreta taldeak, eta dagoeneko burutu dituzte hainbat ekintza, ingurumenaren mesedetan. Baina ofizialki eratu gabe aritu da orain arte, eta elkartea sortu eta erroldan inskribatzea erabaki dute, «gure helburuak betetzeko lagungarri izango delakoan». Hori horrela, batzarra egingo dute datorren asteazkenean, otsailaren 1ean, Sagarreta Natur Taldea eratzeko irabazi asmorik gabeko elkarte gisa. Arratsaldeko 18:00etan izango da batzarra, Iturola Elkarlan Sorgunean (Florida auzoa 28).

Helburu zehatzak markatu ditu Sagarreta Natur Taldeak: Hernaniko eta Urumea bailarako ondare naturalaren eta bioaniztasunaren kontserbazioaren eta hobekuntzaren alde jardutea, eta Hernaniko herrian ingurumenaren alde aritzea.

Hori lortzeko, honako eremuetan ariko da elkartea: bailarako habitat naturalaren ezagutza eta berreskurapena; bertako basoak sustatu eta ugaritzeko ekimenak; Urumea ibaia eta inguruko erreken kontserbazioa; herri lurrak eta herri bideak zaindu eta ezagutaraztea; ingurumenarekin erlazioa duten erakundeen plan, arau eta proiektuen jarraipena egitea; herriari eragiten dioten planteamendu tresnetan ingurumen ikuspegitik eragitea; eta orokorrean ingurumenarekin zerikusia duten gaiak gizarteratzea. Horretarako, burutuko dituzte dibulgazio lanak, ikerketa sustatuko dute, hezkuntza komunitatearekin lan egin, bertako basoak sustatzeko auzolanak eta hitzarmenak aurrera atera, eta ingurumenaren aldeko ekintza zuzenak eta salaketa lana egingo dute. Gainera, aurreratu dute beste agente batzuekin lan egiteko asmoa duela taldeak, eta dagoeneko ari dela elkarlanean Hernani Burujaberekin, Baso Biziak plataformarekin, eta Ereñotzuko Olak Auzo Elkartearekin.

Sagarretaren aurreneko urte honetan, aritu dira taldea egituratzen, helburuak finkatzen eta esperientziak ezagutzen. Eta aurreneko ekintza batzuk ere egin dituzte: basogintza gaiaren inguruko aurkezpen hitzaldia iazko maiatzean, ingurumen asteko ekintzak ekainean, basoak ezagutzeko irteerak, edota irailean Urumea ibaian egin zuten garbiketa lana, besteak beste.

 

«Taldearen helburuekin bat egiten duen edonor», batzarrera gonbidatuta

Aurreratu dutenez, zuzendaritza taldea osatzeko proposamen bat eramango dute asteazkeneko batzar horretara, «gaur egun maiztasunez biltzen ari diren taldekide guztiek osatuko dutena».

Edonola ere, irekia da batzarra, eta «taldearen helburuekin bat egiten duen edonork» hartu dezake parte sorrera batzar horretan. Gainera, bertan onartuko diren estatutuak ikusi nahi dituenak, edo bestelako informazioren bat nahi duenak, eskatu dezake info@sagarreta.eus helbide elektronikora idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!