Bazkaria, kontzertuak eta gehiago gaur, independentzia egunean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 28a, 00:00
Gazte ugari bildu ziren joan den urteko Independentzia Egunean.

Mobilizazioa arratsaldeko 18:00etan abiatuko da plazatik, Bidea igarriz, independentziarantz! lemapean. 

Gaur, bigarren urtez, Buruntzaldeako Independentzia eguna ospatuko dute Hernaniko zenbait herritarrek. Egun osorako prestatu dituzte ekintzak Buruntzaldeako Ernaik, Sortuk eta LAB Sindikatuak.

Goizetik hasiko dira motorrak berotzen, izan ere, goizeko 11:00etan, Burujabetzak mugarri, independentziara bidea hitzaldia eskainiko dute Biterin. Jarraian, herri bazkari baten bueltan bilduko dira, Atsegindegin. Bazkaria amaitutakoan, Mexikortxo taldeak emanaldia eskainiko du, arratsaldeari hasiera emateko. Manifestazioa ere egingo dute, arratsaldeko 18:00etan, Plazatik abiatuta, Bidea igarriz, independentziarantz! lemapean.

Azkenik, eguna borobiltzeko, musikak hartuko du lekukoa, izan ere, bi kontzertu izango dira gaueko protagonista: batetik, Pleura; eta bestetik, Arkada Social. 20:30etan hasiko dira kontzertuak, eta hauek amaituta, DJ Atxuak RaZin disko jartzaileak izango dira ondoren, Garinen giroa jarriko dutenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!