Gaur jokatuko dute Euskal Herriko finala, Irazustabarrenak eta Huizik

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 28a, 00:00
Arratsaldeko 20:00etan hasiko da finala, Ogetan.

Su-Berri taldeko bikotearen aurka jokatuko dute Euskal Herriko finala, Gasteizko Ogeta pelotalekuan. 

Gaur arratsaldean jokatuko dute Euskal Herriko Kluben arteko finala, Amaia Irazustabarrenak eta Maider Huizik. 20:00tan hasiko da final haundia, Gasteizko Ogeta pelotalekuan. Maila altua erakutsi dute Irazustabarrenak eta Huizik, txapelketa txukuna osatu dute, eta nagusitasunez sailkatu dira finalera. Finalaurrekoan zalantzari tarterik utzi gabe irabazi zuten Errekaleorren aurka, 30-14. 

Gaurko partidua gogorra izango da hernaniarrentzat. Su-Berri taldearen aurka jokatuko dute, eta Galdos eta Mendizabal izango dituzte aurrean. Anoetarrek ere erraz gainditu zuten Behar Zana finalaurrekoan (30-17). Huizik pasa den azaroan jokatu zuen, Goikoetxearekin batera, Su-Berriren kontra, Gipuzkoako Txapelketako finalean, eta aurrekariak ez dira onenak; izan ere, 16-30 galdu zuten orduko hartan. Hala ere, bestelako partidua izango da gaurkoa, eta arantzatxoa kentzeko asmoz joango da bikote hernaniarra. 

 

Jubenilak ere txapelaren bila doaz Ogetara

Jubenil mailako palistek ere jokatuko dute gaur, Ogetan. Arratsaldeko 15:30etan hasiko dute txapelketako hirugarren eta azken fasea. Hernaniko bi bikotek jokatuko dute; alde batetik, Kerejeta eta Miner arituko dira, eta Txulobi taldearen aurka jokatuko dute lehenengo partidua; eta, bestetik, Iriondok eta Tolaretxipik Olarretako bikotea izango dute aurrean. 

Ligaxka jokatuko dute hasieran, eta lehen partidua irabazten dutenak pasako dira finalaurrekoetara. Irabazleek finala jokatuko dute, eta galtzaileek, aldiz, 3 eta 4 postuak erabakitzeko partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!