Barrenetxeak gaur hasiko du Masters txapelaren defentsa Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 28a, 00:00
Endika Barrenetxea buruz buru.

Ezkurra II.aren aurka jokatuko du atzelari hernaniarrak, 16:30etan hasiko den jaialdian, Masterseko ligaxkaren lehenengo partidua.

Endika Barrenetxeak gaur hasiko du, Kutxabank Masters Txapelketan, lortu zuen pasa den urteko txapelaren defentsa. Josetxo Ezkurra doneztebearraren aurka jokatuko du 17:30etan gutxi gora-behera. Jaialdia 16:30etan hasiko da Galarretan eta buruz burukoa jaialdiko bigarren partidua izango da. Aurten ligaxka antolatu da eta gaurkoa ligaxka horren lehendabiziko partidua izango da. Ansa II.a da ligaxkan ariko den hirugarren erremontista, baina gaur atseden hartuko du buruz buru, nahiz eta jaialdiko hirugarren partiduan binaka jokatuko duen.

Barrenetxea IV.a faboritoa da lehendabiziko lau puntuak eskuratzeko. Hala ere aspaldian jokatu gabe daude elkarren aurka baina bien artekoak borrokatuak izan dira. Atzelari hernaniarra sasoiko dago eta Ezkurrak sakean asmatu beharko du. Aurreligaxkan ez zuen sakearekin asmatu eta beharrezkoa izango du oraingoan irabazi nahi baldin badu. Tantoak egitea ere garrantzitsua da, puntuak batuko baitira tantoen arabera.

 

Urriza, Ansaren kontra

Jaialdiko hirugarren partidua ere nabarmentzekoa da. Urrizak bere bigarren partidua jokatuko du eta Zubiri goizuetarra izango du lagun atzean, Ansa II.a eta Zaldua II.aren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!