200.000 euroko diru laguntza jasoko du Hernaniko Udalak, Biteri kultur etxeko birgaitze obra dela eta

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 28a, 00:00
Panel informatiboak kokatu dituzte, Biteriko obretan zehar.

Europako funtsetik jasoko du Udalak diru laguntza, eta obra hauekin 58 leiho eta fatxadaren isolamendua hobetzeaz gain, energiaren kontsumoa nabarmen murriztuko da.

Hernaniko Biteri Kultur etxearen ipar blokearen inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoa eta barruko airea berritzeko instalazioa egiteko obra abian jarri zituen Udalak. Obraren lehenengo fasea 2020ko azaroan abiatu zen eta orduan aurrealdeko fatxada egin zen; eta bigarren fasea 2022ko urrian hasi zen, Biteri energetikoki eraginkorragoa izateko obra, hain zuzen.  Proiektu honek PREE programaren 197.193,25 euroko diru laguntza jasoko duela jakinarazi du Hernaniko Udalak. Programa hori Next Generation EU izeneko funtsaren barruan kokatzen da eta lehenagotik dauden eraikinen birgaitze energetikoa sustatzea omen du helburu. Europako diru laguntza horiek Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak kudeatzen ditu, Autonomia Erkidegoen bitartez. 

PREE programaren helburua da aurretiaz dauden eraikinetan (berriak ez direnak) birgaitze energetikoko jarduketak sustatzea. Modu honetan, Biteri Kultur etxeko obrei dagokienez, 58 leiho berri jarri eta fatxadaren isolamendua hobetzen ari dira, eta ondorioz, energiaren kontsumoa nabarmen murriztuko dela azaldu du Udalak: «izan ere, birgaitze energetikoa egin aurretik, eraikinaren kalifikazio energetikoa 'E' zen (256, kw/metro karratu urteko). Eta birgaitze ondoren, 'B' kalifikazioa lortuko du (145,6 kw/metro karratu urteko)».

Hernaniko Udalak, Europako funtsetara aurkeztu duen esku-hartzearen kostua 471.012,80 eurokoa da. Obra horretan, gainera, inguratzaile termikoaz gain, aireztapen sistema ere jarriko dela nabarmendu du Udalak, eta obra osoaren kostua 667.032,84 eurokoa da, BEZA barne. Udalak aitortu du, obra Aste Santuaren bueltan amaitzea aurreikusten dutela.

Atarian aipatu moduan, orain egiten ari diren obrak, Biteri kultur etxearen birgaitze energetikoaren bigarren esku hartzea da: «izan ere, 2020ko azarotik 2021eko otsailera bitartean egin zen lehen fasea. Horretan, eraikinaren aurrealdeko beste 58 leiho berritu zituzten eta fatxadaren isolamendua ere egin zuten». Horrekin batera, 100 luminaria ere berritu ziren «eraginkorragoak izan zitezen. Eta obra horien kostua 185.000 eurokoa izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!