«Ave Mariako basoa erabilgarri, atzerapenarekin» kritikatu du EAJk

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 27a, 00:00
Eremua daogoeneko egokituta dago erabilera publikorako.

Alderdi jeltzaleak gogorarazi du 2008tik EH Bilduren udal gobernu ezberdinek bazekitela Ave Mariako basoa kutsatuta zegoela.

«Ave Mariaren kokalekua parke gisa erabili daiteke, betiere baldintzak betetzen baditu» adierazten zen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak egindako txostenean. Eta EAJ pozik agertu da: «sinestezina da EH Bilduk 2008tik jakitea basoa kutsatuta zegoela, eta herritarrei ez abisatzea, espazioa ixtea eta bertako jarduerak bertan behera uztea. EAJren interes eta insistentziari esker, Hernanik arriskurik gabeko haur parkea izango du erabiltzaileentzat. 13 urte igaro behar izan dira eremua egokitzen hasteko».

Era berean, alderdi jeltzaleko bozeramaileak, haserre, ondorengoa azaldu du: «urteak daramatzagu basoa nola egokituko zen galdezka, bai Osoko Bilkuretan, bai udal-erregistroan. Konturatu gara, ordea, aldaketaren bat bazegoela sastrakak kentzen eta zuhaitzak mozten ari zirelako. Inork ez zigun ezeren berri eman». 

EAJk dio, EH Bilduk 2022ko martxotik zuela bere esku Eusko Jaurlaritzaren txostena: «bertan azaltzen da basoaren egoera eta hernaniarrentzat arriskurik gabe erabiltzeko gomendatzen diren ekintzak. 10 hilabete igaro dira txostena Udalean sartu zenetik, eta berriro galdetu behar izan dugu, eman diezaguten. Gardentasunaren, oposizioarekiko errespetuaren eta EH Bilduk politika ulertzeko moduaren beste adibide bat da hau».

Amaitzeko, Amonarraizek ondorengoa galdetu du: «EH Bilduk zergatik ez du lehenago jardun? Parkeari irtenbide bat emateko interes faltagatik izan daiteke, edo hauteskundeetara gerturatu nahi dutelako basoaren egokitzapena? EAJtik abisua ema genuen orain gutxi argitaratutako idatzi batean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!