'Petare' liburua aurkeztuko dute gaur Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 26a, 00:00

Leire Ibarguren idazlea bera egongo da 'Petare' liburuaren aurkezpenean.

Arratsaldeko 18:00etan izango da, eta Leire Ibarguren egileak emango du liburuaren berri.

Miren Egiguren bidaniarraren izena gehituko diote gaur, emakume erreferenteen zerrendari. Bere bizitzari buruzko liburua idatzi du Leire Ibarguren azpeitiarrak, eta Hernanin aurkeztuko du gaur, arratsaldeko 18:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan: Petare.

Caracasko (Venezuela) auzo pobreena da Petare, eta bertan eman ditu urte asko Miren Egigurenek; Venezuelan, guztira, 47 urte. Misiolari gisa joan zen bertara, eta ia bizitza osoa eman du «herritarren bizi baldintzak hobetzeko proiektu komunitarioak hauspotzen eta egikaritzen». Irakaslea zen formazioz eta lanbidez, eta ekintzailea senez.

Zapata kaxa zahar batean zeuzkan gordeta bidaniarrak, «zuri-beltzezko zein koloretako argazkiak, egunkari zati horituak eta DVDak». Puska horietatik abiatuta, bere bizitza kontatu dio Leire Ibarguren idazleari, «horiexek baitira bere ondasun guztiak, Venezuelako hiriburutik ekarri zituen bakarrak», liburuaren aurrerapenak dioenez. «Zalantzarik gabe, gehiago dira Mirenek han utzi zituenak. Komunitate oso bat, eta komunitate horrekin alboz albo eta erabakimen haundiz eraikitako guztia: haurtzaindegi eta ikastetxeak, ur sistema, familientzako tailerrak, elikagaien kooperatiba, okindegia».

Bidaniarrak kontatutakotik osatu du haren bizitzaren bilduma idazleak, «emakume kementsu eta umoretsu baten ahotsa» paperera ekarrita.

Liburua dagoeneko eskuragarri dago Txalaparta argitaletxearen webgunean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!