Lukas Agirreri omenaldia egingo diote, Usandizaga Institutuko atarian

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 25a, 00:00

Usandizaga Institutuko ikaslea izan zen hernaniar gaztea. Elkarretaratze isila egingo dute ikastetxeko atarian, goizeko 10:30etan. 

Hilabete bat bete da Lukas Agirre hernaniar gaztea erail zutenetik. Usandizaga Institutuko ikaslea izan zen 2018ra arte, eta omenaldia antolatu dute ikastetxeko Marrazketa eta Diseinu Grafiko mintegiko irakasleek, gertaera lazgarria salatzeko. Elkarretaratze isila egingo dute, goizeko 10:30etan hasita, Usandizaga Institutuko atarian. Ikasle, ikasle ohi, irakasle eta langileak elkartuko dira, eta zenbait senide eta lagun ere bertaratuko dira omenaldira. 

Elkarretaratze isilaren antolatzaileek, «Lukas omentzeko, familia eta lagunei gertutasuna adierazteko eta indarkeria gaitzesteko beharrari erantzun» nahi diote gaurko omenaldiaren bitartez: «Lukasen erailketaren berriak denok astindu gintuen. Indarkeria zentzugabeak bidean topatu zuen. Mezua azkar zabaldu zen lagun, ikaskide eta irakasleen artean. Sinestezina. Ulertzezina. Onartezina. Jasanezina. Bere izaera lasaiak, saiatuak eta irribarre goxoak hutsune bete ezina uzten digu». 

Ikastetxetik deialdia zabaldu dute jendeak elkarretaratzean parte hartu dezan; «gizarteari eta gaztediari, batez ere, indarkeriaren zentzugabekeriari buruzko hausnarketa eta gaitzespenera gonbidapena egin ahal izateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!