Oviedo izango da Hernaniren lehenengo aurkaria, bigarren itzulian

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 24a, 00:00
Hernanik Bera Beraren aurka jokatuko du berriz ere Landaren.

Landaren hasiko da lehiaketa, eta bigarren partidua ere etxean izango da Bera Beraren aurka, otsailaren 12an.

Hernanik pasa den astean ezagutu zuen bigarren itzuliko egutegia. Jokoan gauza askorik izan gabe, jakin zuen Oviedo izango dela Landare bisitatuko duen lehenengo aurkaria asteburu honetan. Guztira sei jardunaldi izango dira; lau partidu jokatuko ditu etxean eta bi etxetik kanpora. Gainera, lehenengo lau jardunaldietan ez du bidaiatu beharko eta azken bi jardunaldietan jokatuko du Landaretik urrun. 

Aipatu bezala, Oviedo izango du lehiakide datorren asteburuan, eta bigarren jardunaldia, guztira hamaikagarrena izango dena, otsailaren 12an jokatuko du, Bera Beraren aurka. Bigarren itzuliko hirugarren partidua ere Landaren izango da, otsailaren 19an, La Únicaren kontra. Ondoren, hiru asteko atsedenaldia eta gero, Gaztedik bisitatuko du Hernani, martxoaren 12an. Azken bi jardunaldiak jokatuko dituzte trikoloreek kanpotar bezala. Apirilaren 1ean Universitario Bilbaoren kontra jokatuko dute eta denboraldia Bizkaian itxiko dute Uribealdearen aurka, apirilaren 16an. 

23 urtez azpikoek galdu

Azken jardunaldiko emaitzak begiratuz gero, aipatu behar da 23 urtez azpiko taldeak ezin izan zuela punturik lortu Valladolidera eginiko bisitan. VRAC Quesos Entrepinaresen aurka 28-5 galdu zuen Hernanik. Multzoko bigarren sailkatua da VRAC eta hernaniarrak ongi lehiatu ziren Pepe Rojo zelaian. Hala ere, ezin izan zuten garaipenik lortu. 

Jubeniletan eta kadeteetan, 18 urtez azpikoek erraz gainditu zuten Gaztedi, Gasteizen, 0-40. Askoz ere partidu lehiatuagoa izan zen 16 urtez azpikoena. Hemen hernaniarrek bi puntugatik bakarrik lortu zuten irabaztea, 15-17. 

Beste taldeek ez zuten jardunaldirik izan. Atsedena izan zuten. Ez ordea azeri zaharrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!