Bigarren porrota jarraian jaso zuten Hernaniko mutilek, eta bolada onean jarraitzen dute neskek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 24a, 00:00
1-0 irabazi zuen Hernanik, eta Urnieta izango dute hurrengo aurkaria.

Urteko bigarren porrota jaso zuten Unai Munduateren mutilek, Mutrikuren aurka 2-0 galduta. Neskek hiru puntuak lortu zituzten Amaikak Bat Mutrikuri 1-0 irabazita. Mundarrok, aldiz, 2-1 irabazi zion Sanpedrotarrari.

Dinamika onean sartu ezinean jarraitzen du Hernaniko gizonezkoen Ohorezko Erregionalak. Garaipenarekin hasi zuten urtea, Tolosaren aurka irabazita, baina bigarren porrota jarraian jaso zuten, larunbatean, Mutrikun; 2-0 galdu zuten Unai Munduateren mutilek. 

Bolada kaxkarra izan arren, lehenengo postuan jarraitzen du Hernanik, eta Añorga 3 puntu azpitik mantentzen du, Donostiarrek ere galdu egin zutelako Amaikak Baten kontra. Hori bai, kontuak estu daude sailkapenean: Hernanik 36 puntu ditu, Añorgak 33, Eibarrek 32 eta Oiartzunek 31. Zubipera itzuliko dira aste honetan berdeak; Aloña Mendiren bisita jasoko dute. 

Bestelakoa da, emaitzei dagokienez, emakumezkoen Ohorezko Erregionaleko taldearen egoera. Juxtu, baina 3 puntuak eskuratzea lortu zuten, Amaikak Bati 1-0 irabazita. Cesiak egin zuen partiduko gol bakarra. 

Hirugarren postuan jarraitzen du Hernanik, Mariñorengandik 2 puntura eta Realarengandik 8ra. Estu dago sailkapena, eta irabazten jarraitu behar dute berdeek goiko postuen borrokan jarraitu ahal izateko. Asteburu honetan etxetik kanpo jokatuko dute, Urnietaren aurka. Sailkapeneko azken postuan daude urnietarrak. 

 

Bikain hasi du Mundarrok bigarren itzulia

Garaipena eskuratuta abiatu zuen denboraldiko bigarren itzulia Mundarrok, Sanpedrotarrari 2-1 irabazita. Lehenengo zatia gogorra eta fisikoa izan zen; moreak aurreratu ziren, Oierren ezkerkada baten bitartez, baina pasaitarrek segituan berdindu zuten partidua. Bigarren zatian garrantzi haundiagoa hartu zuen baloiaren jabetzak, eta Mundarro nagusitu zen jokoan. Partidua amaitzeko 10 minuturen faltan Joxe Marik astigartarren bigarren gola egin zuen, eta hortik aurrera aldeko markagailuari sendo eutsi zioten etxekoek, defentsa lan onarekin. 

Garaipen baten beharra zuen Mundarrok, eta lortutako 3 puntuek azpiko postuetatik zertxobait aldentzeko balio izan diete. Asteburu honetan partidu zaila izango dute, etxetik kanpo, Deusto bigarren sailkatuaren etxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!