Izena emateko epea ostiralera arte, Emakumeentzako Jabetze Eskoletan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 24a, 00:00

Hamar ikastaro daude aukeran, eta otsailetik ekainera eskainiko dituzte, Kulturarteko Plaza Feministan.

Otsailetik ekainera bitarte, hamar ikastaro eskainiko dituzte aurten, emakumeentzako Jabetze Eskolen barruan, Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta. Honakoak dira tailerrak: Munduko emakumeen literatura; batukada feminista; Nire boterearen lekua (nork bere burua zaintzeko eta ahalduntzeko tailerra); Zeure barrura begiratu eta hartu arnasa; Familia eredu berriak eta legedi zaharra, nola uztartzen da hori?; autodefentsa feminista; etxeko konponketak; mendi orientazioa; Emagunea; eta alternatiba ekofeministak.

Eta horietan guztietan izena emateko, ostiralera arte dago epea, urtarrilaren 27ra arte. Lau bide daude aukeran, horretarako: Kulturarteko Plaza Feministara bertaratu, hernani.eus webgunearen bitartez egin, kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbide elektronikora idatzi, edo 943 33 70 17 telefonora deitu.

 

«Hausnarketarako eta formaziorako topagunea», Jabetze Eskola

Kulturarteko Plaza Feministan egingo dituzte saioak, eta iraupen eta data ezberdina izango du ikastaro bakoitzak. Horietan, «askotariko gaiak» landuko dituzte, eta «hausnarketarako eta formaziorako topagunea» izango da Jabetze Eskola, beste behin: «Emakumeok gure eskubideen jabe egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko, eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa da. Eskolaren helburua da emakumeon jabetze edo ahalduntze prozesuan eragitea. Hori lortzeko asmoz, gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertuko dugu, eta berau aldatzeko tresnak eskuratuko ditugu. Jendarte justuago baterantz urratsak emango ditugu».

Hori horrela, Berdintasun Sailak emakume guztiak animatu ditu, ikastaroetan parte hartzera, Kulturarteko Plaza Feministara gerturatzera, eta «gure arteko sareak ehuntzen jarraitzera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!