Emanaldi akustikoa eskainiko du Anarik, hilaren 27an, Chillida Lekun

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 22a, 00:00

Emanaldi akustiko ederra eskainiko du Anarik, 27an.

Arratsaldeko 19:30etan izango da kontzertua, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.

Euskal musikaren eszenako ahots pertsonaletako bat entzuteko aukera izango dute herritarrek, hilaren 27an. Izan ere, Anarik, abeslari hernaniarrak, kontzertu akustikoa eskainiko du Chillida Lekun, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta antolatzaileek jakinarazi dute sarrerak dagoeneko agortuta daudela.

 1996. urtean bere izena zeraman Anari diskoa kaleratu zuen, eta geroztik, Habiak, Zebra, Irla Izan edo Zure aurrekari penalak eta Epilogo bat diskoak ere kaleratu ditu.

Hogei urteko ibilbidean musikari anitzekin jardun badu ere, ondoan izan ditu hasieratik, besteak beste, Mikel Txopeitia, Xabier Olazabal edo Karlos Osinaga. Bere ahots hautsi eta leunarekin batera, Anari den soinu pertsonala sortu dutenak. Anarik bere ibilbidean zehar, beste artista batzuekin egindako kolaborazioak ere ugariak izan dira; tartean, Thalia Zedek abeslari eta konposatzaile estatubatuarrarekin egindako single konpartitua, bere azken lana izan da, hain justu. Horrez gain, Anariren lanetan entzun daitezke, Nick Cave, Leonard Cohen edo Pj Harvey bezalako artisten oihartzunak, besteak beste. 

2018an jaso zuen Adarra Saria Anarik, bere ibilbidea omenduz. Egun ordea, bada bere hitzen balio poetiko eta literarioari erreparatuz, gure literaturaren panoraman ere leku esanguratsuan kokatzen duenik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!