Independentzia Eguna, datorren larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

2021eko Independentzia Eguneko hitzaldia, Milagrosan.

Hitzaldia, manifestazioa eta kontzertuak izango dira, eta herri bazkaria eguerdian. Txartelak Garinen salgai daude.

Gaur zortzi ospatuko dute Hernanin, urtarrilaren 28an, Buruntzaldeako Independentzia Eguna. Egun osorako egitaraua prestatu dute larunbaterako, eta eskualdeko herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko deia, Buruntzaldeako Ernaik, Sortuk eta LAB sindikatuak.

Bigarrenez elkartuko dira Hernanin, «independentziaren aldarria lau haizetara zabaltzeko». Hitzaldi batekin emango diote hasiera egunari, goizeko 11:00etan, Biteri kultur etxean: Burujabetzak mugarri, independentziara bidea.

Ondoren, herri bazkaria antolatu dute eguerdiko 14:00etarako, Atsegindegin, txotx eta guzti. Eta kontzertua ere izango da bertan, bazkalostean, Mexikortxo taldearen eskutik.

Bazkaria eta kontzertua bukatuta, aldarrikapenen txanda izango da, eta manifestazioa deitu dute horretarako, arratsaldeko 18:00etan. Bidea igarriz, independentziarantza! lelopean, Plazatik abiatuko dira. Eta musikarekin borobilduko dute eguna, 20:30etatik aurrera. Hasteko, Pleura eta Arkada Social taldeen kontzertuak izango dira Atsegindegin. Eta ondoren, DJ Atxuak Razkin disko jartzaileak girotuko du gaua, Garin tabernan.

Kontzertuetarako zein bazkarirako txartelak eta kamixetak salgai, Garinen

Bazkarirako eta gaueko kontzertuetarako, txartela erostea beharrezkoa izango da, eta dagoeneko salgai daude, Buruntzaldeako herriko tabernetan. Hernanin, Garin tabernan eskuratu daitezke.

Bazkarirako txartelak 15 euroan daude salgai, eta Independentzia Eguneko kamixeta ere jasoko dute, txartela erosten dutenek. Pleura eta Arkada Social kontzertuetarako txartelak, berriz, 12 euro balio du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!