Ekain Tolaretxipi garaile, Tabernetako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00
Ekain Tolaretxipi hernaniarrak jantzi zuen XVIII. Tabernetako Txapelketako txapela.

Harri Agirresarobe eta Ekain Tolaretxipi sailkatu ziren buruz burukora, eta hernaniarrak jantzi zuen txapela. Giro ederra izan zen Garinen. 

Giro ederra izan zen ostegun gauean, San Sebastian bezperan, XVIII. Tabernetako Bertsolari Txapelketan. Azken orduko sorpresa eta guzti, 13 bertsolari aritu ziren kantuan, Garinen; bat bera ere ez zen zokor-mazoa. Denek utzi zituzten ale xelebre eta dotoreak, akatsak purtzilak izan ziren, eta Ekain Tolaretxipi hernaniarrak jantzi zuen txapela. Harri Agirresaroberekin batera abestu zuen buruz buruko gaztetuan; komuneko ilaran bertsotan egiten, eta jubilatu berri den Txatoren omenezko saioa osatuta. 

Segituan hasi ziren laborantxa lanean bertsolariak, hasierako agurrean hitz aldrebes bat sartzen: garizuma, zenetzakeie, txoixua edota tortolika bezalako hitzak txertatu behar izan zituzten bertsoetan. Lehenengo fasean koplan aritu ziren hirunaka, eta puntu bana erantzun zuen bakoitzak. Bigarrenean, aldiz, bertso bat osatu zuten bukaera emanda.

Beroketa lanak amaituta, pixkanaka zailtzen joan ziren egitekoak. Hirugarren fasean jarri zuten lehenengo saria lortzeko aukera: Habaneran, gaia emanda, hitzak pilatzea zen ariketa, ahalik eta zerrenda luzeena osatzeko. 22 erreferentzia aipatuta, Xapok eta Harrik eraman zituzten etxera Otsaiheneko eta Larre-Gaineko sariak. 

Lau bertsolari iritsi ziren buruz burukoaren atarira: Xapo, Pello, Harri eta Ekain. Formulazio bereziko esaldiei aurre egin behar izan zieten, nahi beste bertso osatzeko aukerarekin. Baliabideak baliatuta bale baten hezurrak topatu zituzten Baliarrainen Xapok eta Pellok, eta bi gizalditako Zaldibiako bi zaldi izan ziren Ekain eta Harri. 

Egindako lan finaren ondorioz, bi partehartzaile gazteenak pasa ziren buruz burukora. Zortziko txikian osatu zuten lehenengo ofizioa, komuneko ilaran topo egin zuten bi lagunen arteko elkarrizketa osatuta. Ganbarako lanean, berriz, jubilatu berri den Txatori omenalditxoa egin zioten. 

Lan guztiak bukatuta, Ekain Tolaretxipi nagusitu zen. Txalo artean igo zen oholtzara txapeldun berria, eta Andoni Mujikak jarri zion txapela buruan. Ordura arteko lana bikain borobildu zuen Tolaretxipik, agur dotorearekin:

Zorionak Harri ere ez dezu
bate meritu makala
Gainontzeko hamaikei ere
zorionak berehala
Batzuk kartzelan daude oraindik
ta ezin egin itzala
Ze haiek barrun dauden artean
da problema soziala
Aurreko hilean nere senide
kuttun bat joan egin zala
Jakin zazue une txarretan
onenak hauek dirala 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!