Bideojokoen arriskuez, hitzaldia gurasoentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

Datorren asteazkenean izango da, Erribera kulturgunean, 17:30etan hasita. Julen Linazasorok eskainiko du saioa.

Bideojokoen inguruko hitzaldia antolatu dute Astigarragan, datorren asteazkenerako, horien arriskuak eta prebentzioa lantzeko. Bereziki gurasoei zuzendutako saioa izango da, eta Julen Linazasorok eskainiko du, MacSonrisas hezkuntza digitalerako zentroko adituak, euskeraz. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da, Erribera kulturgunean.

Saio horretan, errepasoa egingo diete bideojoko eta online plataforma ezagunenen edukiei, eta horiek dauzkaten arriskuen aurrean, prebentzioa nola landu aztertuko dute. Adin tarte bakoitzerako gomendioak ere emango ditu Linazasorok, eta baita heziketa irizpide orokorrak eskaini ere. Gainera, aditzera emango ditu bideojokoen kontrol eta ezarpen aukerak.

2010ean sortu zuten MacSonrisas, jendeari laguntzeko gailu elektronikoei zukua ateratzen. Baina gerora, teknologiak eta internetek dauzkaten arriskuak ikusita, zibersegurtasunean espezializatu ziren, eta norbanakoei zein enpresei jarraibideak ematen hasi ziren, informazioa eta gailuak babesteko. Horrekin batera, adin txikikoek interneten eta sare sozialetan duten zaurgarritasuna kontutan hartuta, familiei, irakasleei eta ikasleei bideratutako formakuntza saioak eta tresnak eskaintzeari ekin zioten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!