'Petare' liburua aurkeztuko dute datorren ostegunean, Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 21a, 00:00

Plaza Feministan egongo da Leire Ibarguren, 'Petare' liburua aurkezteko.

Arratsaldeko 18:00etan izango da, eta Leire Ibarguren egongo da bertan, liburuaren egilea.

Datorren ostegunean, hilaren 26an, Hernanin aurkeztuko du Petare liburua, Leire Ibarguren egileak. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Kulturarteko Plaza Feministan; eta idazle azpeitiarrak bertan azalduko ditu liburuaren nondik norakoak. 

Miren Egigurenen bizitza kontatzen du liburuak; 47 urtez Venezuelan bizi izan den bidaniarraren istorioa. Irakaslea da formazioz eta lanbidez, baina misiolari lanetan aritu da urte hauetan, Caracas hiriburuko auzo pobreenean: Petaren. Ekintzailetasuna da Egigurenen ezaugarri nagusietako bat, eta lanean aritu da «herritarren bizi baldintzak hobetzeko proiektu komunitarioak hauspotzen eta egikaritzen».

Hori horrela, Egigurenen bizipen eta ekintzak liburu batean jaso ditu Ibargurenek: «Zapata kaxa zahar batean gordeta dauzka zuri-beltzezko argazkiak, egunkari zati horituak, DVDak, koloretako argazkiak». Bizitza oso bat kabitzen da Miren Egigurenen zapata kaxa horretan, eta puska horietatik abiatuta kontatu dio bere bizitza idazleari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!