'Pantailak euskaraz' egitasmoaren aurkezpena egingo dute, datorren asteartean, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 20a, 00:00
Alex Aginagalde izango da hizlaria.

Alex Aginagaldek azalduko ditu egitasmoaren nondik norakoak, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Kulturarteko Plaza Feministan. 

Zilegi Eskolak antolatuta, 'Pantailak Euskaraz' egitasmoari buruzko informazioa eskuratu ahal izango da, datorren asteartean, arratsaldeko 18:00etan, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Alex Aginagalde, 'Pantailak Euskaraz' taldeko kidea, izango da hizlaria, eta egitasmoaren berri emateaz gain, euskeraz zer, non eta nola kontsumitu dezakegun erakustera etorriko da Hernanira. 

Funtsean, ikus-entzunezkoen munduan euskerak duen presentzia exkaxa da mugimenduaren ardura nagusia, eta horren gaineko kezkan ardaztutako hitzaldia eskainiko du Aginagaldek. 

Elkarte ezberdinak, batuta

'Pantailak Euskaraz' mugimendua antzeko kezkak dituzten talde ugarik osatzen dute. Egitasmoaren parte dira Disney euskaraz, Netflix euskaraz, Zinemak euskaraz eta Game erauntsia ekimen herritarrak, eta Tinko euskara eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteak.

Zilegi eskolatik deialdia egin diete herritarrei, «euskarazko ikus-entzunezkoen egoeraren berri izan dezaten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!